Lekeitio Lagunkoiak antolatutako lehenengo ibilbide gidatua "arrakastatsua" izan da
Isabel II erreginak Lekeitio bisitatu zuenean egindako ibilbidea egin zuten atzo [apirilak 18] parte hartu zuten 70 pertsonek.
Lekeitio Lagunkoia 2017an sortu zen eta geroztik ekintza desberdinak aurrera eraman ditu. “Gure herria adin guztientzako atsegina izatea dugu helburu. Ekimen honek herritarren arteko harremanak sustatzea sendotzea eta sendotzea bilatzen du, bakardadearen arazoari aurre egiteko”, zehaztu dute. Atzo [apirilak 18] beste pauso bat gehiago eman zuten eta lehenengo ibilbide gidatua antolatu zuten.
Zehazki, Isabel II erregina 1868an Lekeitiora etorri zenean egindako ibilbidearen simulazioa antolatu zuten. Ibilbidea Uribarren parkeko eskaileretatik hasi zen eta bertatik arrasto historiakoak dauden tokiak zeharkatu zituen. Tarte txikiak egin ziren gune bakoitzaren azalpenak emateko eta erreginaren bisitaldiagatik egin ziren eraikinak ezagutzeko. Guztira bi kilometroko ibilbidea izan zen. Antolatzaileek ekimena “arrakastatsua” izan zela esan dute 70 herritarrek parte hartu zutelako.
“Ibilbide gidatu honen ekarpena handia da, izan ere, hainbat arlotan onurak sortzen dira: Jendea, batez ere nagusiak, etxetik ateratzea, oinez egitea eta harremanak lantzea. Herritarrak haien artean ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duen ekimena da zalantzarik gabe”. Lekeitio Lagunkoiak ekintza ezberdinak antolatzen jarraituko du urtean zehar eta hilean behin ibilbide gidatuak antolatzea aurreikusten dute.