Maiatzaren 6an ospatuko da Markina-Xemeingo Baserri Eguna
Denetariko produktuen 20 postu jarriko ditu udalak herritarrentzat eta inguruko herrietako bizilagunentzat.
Beste urte batez, eta iaz pandemiak eragindako murrizketak alde batera utzi ostean, indarberrituta itzuliko da Markina-Xemeingo Baserri Eguna. Maiatzaren 6an 10:00etatik 15:00etara Lea-Artibai eskualdeko eta inguruko baserritarren produktuez gozatzeko aukera izango dute markina-xemeindarrek zein inguruko herrietako bizilagunek. Hain zuzen ere, udalak mota guztietako produktuentzako 20 postu jarriko ditu. Urtero legez, bildots erreen pintxo dastaketa egongo da. Goiz osoan luzatuko da egitaraua.
“Markina-Xemeingo Udala osatzen duten alde ezberdinek argi dute lehen sektorearen garrantzia orokorrean eta gure eskualdean bereziki. Horrela, garrantzi berezia hartzen dute berau sustatzeko ekintzek zein nola azokek, hauek duten garrantziagatik ekonomiarentzat, nekazaritza dibertsitatearentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat eta kontsumo jasangarriarentzat”, adierazi dute udaletik.
Baserri Eguna bezalako azokak lehen sektorearen bideragarritasunerako “funtsezkoak” direla azpimarratu nahi izan dute: “Landa eremuaren garapena helburu izanik, oinarrizkoa da ustiategi txikien bidez produkzio tradizionalaren eredua mantentzea eta berau herritarrengana hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topaketa eta salmenta gune bat sor dadin, azken hauek, berton ekoiztutako elikagaien balioaz jabetzeko”.