Christine Martinez-Medale: "Anaia lapurtutako haurra izan zen, bizirik dago eta bere bila nabil"
'La maleta de mi madre' liburuan bere amak Saturrarango kartzelan bizitakoaren berri eman du, eta aldi berean, milaka emakumek jasandako bizipenak mahaigaineratu ditu.
Nola sortu zen proiektuarekin hasteko ideia?
Nire seme-alaba eta ilobek familiari buruzko bilduma bat izateko asmoz hasi nintzen familiari buruz idazten, beste barik. Baina 2004an familiako sekretu bat argitara atera zen, nire anaiaren heriotzaren ostean, harek utzitako maleta ireki nuenean.
Zer etorri zen maleta horren irekierarekin?
Pandoraren kaxa ireki zen. Nire bizitza hankaz gora jarri zuen, dena aldatu zuen. Madrilera joan nintzen anaiaren hiletara eta amari nirekin Frantziara etortzeko eskatu nion. Nire anaiaren iraganari buruz jakin nahi nuen, gerra garaian bizi zuenaren berri, eta baita amaren bizipenak ere, baina ezezkoa jaso nuen, behin eta berriz. Egun batean, Madrileko etxeko terrazan geunden ama eta biok, eta amak armairu bat seinalatu zuen hatzarekin: «Maleta bat dago armairu barruan, hor barruan izango dituzu behar dituzun erantzun guztiak». Maleta ireki nuen eta pila bat gauza aurkitu nituen: nire aitaren agendak, argazkiak, sukaldeko errezetak, eskuidatziak, informazioz betetako karpetak, kartzela zerrendak, eta baita ‘Oroitzapenak’ deituriko koaderno bat ere. Nire amaren letra ezagutu nuen, bere bizipenak ziren. Maleta itxi nuen, ama konbentzitu nuen Frantziara etortzeko eta maleta gurekin etorri zen.
Bilaketa prozesua abiatu zen bidaia horrekin.
2014tik 2019ra bitartean ikertzen eta idazten aritu nintzen; nire amaren istorioa ezagutu nuen, Ventaseko kartzelan egon zela, ondoren Saturrarango kartzelara eraman zutela, bertan seme bat hil zitzaiola… Amaren bizipenak ezagutzen hasi nintzen.
Zer gertatu zen 2019an? Zerbait aldatu zen?
Ezusteko berri batekin topo egin nuen. Ordura arte Saturraranen hildako nire anaia Antonioren heriotza ziurtagiria nuen, baina jaiotze ziurtagiria lortu nuen, 1939ko maiatzaren 17an jaio zen. Baina bi jaiotza ziurtargiri nituen. 1941eko abuztuan, norbaitek, berriz ere, Albertoren jaiotze ziurtagiria eraman zuen erregistrora. Une hori bonba bat lehertzea bezala izan zen niretzat, maleta ireki nuen unetik nire anaia Saturrarango kartzelan hil zela uste bainuen. Egia da nolabaiteko zalantzak izan nituela Saturrarango kartzelako emakumeen testigantzak entzun eta lapurtutako haurren berri jakin nuenean. Baina dokumentu hori izanik, ez zegoen zalantzarik, nire anaia ez zen Saturrarango kartzelan hil, lapurtutako haurra izan zen, bizirik dago, eta bere bila nabil.
Anaiaren prozesua zein egoeratan dago?
Hainbat elkarterekin egon naiz harremanetan; Bebés Robados en Euskadi, Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica, Gogora eta Aranzadi. Denak ala denak izugarri lagundu didate, eskua luzatuaz. Nire aldetik amaierara arte joan naiz, nire esku zegoen guztia eginez. Nire DNA ere eman dut Madrileko enpresa pribatu batean, egunen batean Espainiako gobernuak hitz eman zuen Banco Estatal de Datos Geneticos sortzen badu ere. Esperantza osoa dudalako; nire anaiak liburu honekin jaurti dudan oihua entzungo du, eta bere DNA ematera joango da, horrela, elkarrekin elkartzeko aukera izango dugu.
“Gure betebeharra, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenen oinordekoen beharra da ez ahaztea, beraien partez hitz egitea, salatzea eta ikertzen jarraitzea”
Zure ama 50 urtez isilik egon zen, bizitakoa kanporatu gabe. Zer dago isiltasunaren atzean?
Isiltasunaren atzean beldurra dago. Nire amaren historia idatzi dut, baina aldi berean milaka emakumeren historia da argitaratu dena. Milaka emakume daude bizipen gordinak jasan zituztenak. Nire amaren kasuan, Ventaseko espetxean egin zuen egonaldia, ondoren, Saturrarango kartzela beldurgarrira eraman zuten. Tortura fisiko zein psikologikoak pairatu zituzten, haurrak lapurtu zizkieten. Min hori guztia beraien baitan daramate. Isildu egiten ziren, ez zietela sinistuko pentsatuz, eta beldurrak irabazi egiten zuen. Gerra bukatzean diktadura sakonean sartuta zeuden, beldurraren diktadura. Ezin zuten hitzik egin, eta beraien sekretuak ezkutuan geratu ziren, batzuk idatzi egin zuten, beste batzuk familiekin elkarbanatu zuten, beste batzuk, ordea, isildu egin ziren.
Zer zor diegu emakume horiei guztiei?
Gure betebeharra, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zutenen oinordekoen beharra da ez ahaztea, beraien partez hitz egitea, salatzea eta ikertzen jarraitzea. Ez konformartzea ezezkoekin, nik nire amaren ezetza jaso nuenean egin nuen bezala, jarraitzea. Orain gure txanda da ezetza emateko, memoria historikoa nahi dugu, eta borrokatu zutenei merezi duten lekua eta errekonozimendua eman behar diegu. Desagertu zirenen familiek beraien kideekin bat egiteko aukera izatea, eta baita alderantziz ere, Giza Eskubide bat baita.
“Ohore bat izan zen niretzat nire amaren ahotsa Mutrikura eramatea. Harro sentitzen naiz Mutrikun aurkitu nituen emakumeak ezagutu izanaz, interes handiko emakumeak aurkitu nituen”
Istorio pertsonala izanda, zer suposatu du zuretzat prozesu honek?
Nire bizitza goitik behera aldatu da, baita bizitzarenganako dudan ikuspuntua ere. Egia jakin nuen, eta une horretatik aurrera ezin izan dut beste alde batera begiratu. Liburutegietan jendearekin topo egiten dudanean eta ahotsa zabaltzea eskertzen didatenean ikusten dut egindakoak merezi duela, hori da niretzat garrantzitsuena.
Mutrikun liburua aurkezteko aukera izan zenuen. Nolakoa izan zen?
Oso hunkigarria izan zen. Ohore bat izan zen niretzat nire amaren ahotsa Mutrikura eramatea. Liburuak, zehazki, bi ahots baititu; batetik, nire amarena, aldi berean milaka emakume eta borrokalariren ahotsa dena. Bestetik, nirea, ikerketa azalduz eta bilaketa horretan jarraitu behar dugula aldarrikatuz. Harro sentitzen naiz Mutrikun aurkitu nituen emakumeak ezagutu izanaz, interes handiko emakumeak aurkitu nituen, bizipenez beteak, sufrimenduz beteak. Bihotza beteta daukat. Euskal herritarren testigantzak nirekin daramazkit, esku zabalik hartu nauen herria da, eta laguntza osoa eskaini didana.
Liburu honen prozesua maleta bat irekitzen hasi zen, baina maleta hori ez da gehiago zarratuko.
Horrela da. Maleta ireki zen unetik, gauza asko gertatu dira, ibilbidea luzea izan da, baina maleta hori ez da inoiz zarratuko memoria historikoaren alde lan egiten dugun bitartean, ikertzen, galdetzen, egia azaleratzen. Pertsonalki, liburuari dagokionez, prozesua luzea izan da, historia ezagutu, ikertu, idatzi, lana kaleratu, sentimenduak kudeatu… Euskal herritarrei esker ona agertzeko modu bat litzateke liburua euskarara itzultzea.