Etxebarrian hasiko da Itzulia Women lasterketa
Lehen etapak Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideak zeharkatuko ditu eta Markina-Xemeinen izango du helmuga.
2. Itzulia Women lasterketa Etxebarrian hasiko da maiatzaren 12an, hain zuzen ere 50 urte betetzen dituen Eika kooperatibako egoitzan emango zaio irteera. Emakumezkoen lasterketako lehen etapak Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideak zeharkatuko ditu eta Markina-Xemeinen amaituko da. Bertan erabakiko da nor den Itzuliaren lehen irabazlea, eta, gainera, garailea sailkapen nagusiko lehen postuan jarriko da.
Gaur [apirilak 20] egin dute aurkezpena Etxebarriko Eika Kooperatibako egoitzan. Antxone Aranzeta Eikako bazkideak esan du “poztasuna eta plazera” dela lasterketa enpresatik ateratzea eta gogoratu du Eika “emakumeei lana emateko” sortu zela. Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak emakumeen kirolaren zabalkundean jarri du arreta: “Gehiago kostatzen da emakumeen kirola ikustaraztea eta guk horren alde egiten dugu lan. Itzulia Women ispilu handia da eta Etxebarriri indarra emateko balioko du”. Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak gaineratu du dena prest dutela eta maiatzaren 12a “egun handia” izango dela.
Txirrindulariek 122,2 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre eta bi mendate nagusi izango ditu eskualdeko bide gorabeheratsuetan. Tropela Ondarroarantza joango da, eta gero Lekeition, Ereñon eta Arratzun izango da, Gontzagaraigana igo aurretik: 3. mailakoa da, 2,6 kilometro luzekoa eta batez beste %6,5 maldakoa. Markina-Xemeinen jokoan jarriko da Itzulia Womeneko esprint berezia. Lasterketa, jarraian, Gipuzkoan sartuko da, eta Mutrikun eta Elgoibarren izango da tropela; bertan, etapako bigarren esprint berezia jokatuko dute. 2. mailako Urkaregi mendatea igoko dute segituan, helmugarako zortzi kilometrora: 5,8 kilometroko igoera da, %4,6koa batez beste. Bertan erabakiko da nortzuk diren lehen etapako txirrindularirik indartsuenak, denek heldu nahiko baitute bakarrik Markina-Xemeingo helmugara.
Itzulia Womeneko bigarren etapa, maiatzaren 13an, Gasteizen hasi eta Amurrion amaituko da eta azkena, maiatzaren 14an, Donostian emango zaio hasiera eta amaiera. 2022an, Demi Vollering herbeheretarrak irabazi zuen Itzulia. Parte hartuz gero, aurten ere faborito nagusietakoa izango da Vollering. Parte-hartzaileen gainean, antolatzaileek aurreratu dute “maila handikoa” izango dela; guztira, 22 talde izango dira, eta bakoitzak sei txirrindulari izango ditu.