Ondarroako Zeta Zine Klubak bere jarduera amaitutzat eman du
Saiakerak egin arren, eta nahiz eta publikoak erantzun, taldeko kideek esan dute ez dutela herrian zinema mantentzeko irtenbide iraunkorrik topatu eta "indarrak agortu" zaizkiela.
“Bada ia urtebete gure berririk eduki gabe. Borroka administratibo, burokratiko eta sentimentalez betetako urte luzea guretzat. Azkenik, tamalez, gure jarduera bukatutzat eman behar dugula esateko zuzentzen gara zuregana”. Horrelantxerik hasten da Ondarroako Zeta Zine Klubeko kideek taldearen jarduera bertan behera utziko dutela esateko prentsa oharra.
Herrian zegoen hutsunea ikusita, taldea 2019an hasi zen lehen pelikulak herrian bertan proiektatzen. Udala tarteko, taldeko kideak herrian dagoen eta itxita dagoen Bide Onera zinema aretoko jabeagaz harremanetan jarri ziren, proiekzioak bertan eskaini ahal izateko. Azkenean, Beikozinin hasi ziren proiekzioak eskaintzen. “Eskerrik asko beste behin Beikoziniko familiari, proiektua beren-bereko leku naturalean martxan jartzen laguntzeagatik eta 2019ko inauteri igande hartan gerturatu ziren 75 gazteri palomitak ematearren”.
Udalaren hasierako borondatea “alferrik betetako inprimaki eta burokrazia bidezidorretan galdu” dela diote
Taldeko kideek esan dute hasi eta gutxira konturatu zirela zinemaren mundua modu arautuan gauzatzea “kontu zaila” zela. “Hala eta guztiz ere, talde moduan legeztatu eta udalari proiektu sendoa aurkeztu genion, ikasi genuelako udalaren apustu irmorik gabe pelikulak proiektatzeko lizentzien ordainketak egitea ezinezkoa zela. Eta guzti hau pandemia tarteko”.
Helduentzako zinema idependenteago baten alde apustu egin zutela diote, umeentzako pelikula komertzialagoei ere tartea emanez. “Plataforma digitalek daukaten pisuaren jakitun, gure herriko gazteak zinemaren mundura gerturatzea izan da gure desio garrantzitsu bat. Eta ha zelako erantzuna jaso dugun txikienen partetik! Sinestezinak izan dira zinemara sartzeko ikusi ditugun ilarak”.
Esker oneko berbak eduki dituzte lagundu dieten guztiei, tartean Kideri, Eikari, 11Barriri eta Kurikeri
Pandemia eta gero, indarberrituta, programazio egonkorrago baten alde egin zutela esan dute; zinema lekuz aldatu eta Kofradia Zaharrean espazio propioa bilatu zuten. “Areto txukun bat lortzeko borrokatu dugu, eta orain eserleku dotorez beteriko gela eroso bat daukagu. Eserlekuak bai, baina zinemarik ez”.
Udalaren hasierako borondatea “alferrik betetako inprimaki eta burokrazia bidezidorretan galdu” dela diote. “Borondatea erakutsi arren, irtenbide iraunkorrik ez da topatu herrian zinema mantentzeko eta ezin dugu gehiago, indar guztiak agortu zaizkigu”.
Eskerrak emanez. Bide horretatik, taldeak bere jarduna utziko duela iragartzeko mezua aprobetxatu dute lagundu dieten guztiei eskerrak emateko: “Eskerrik asko lagundu diguzuen guzti-guztioi. Bidean ez etsitzeko esan diguzuenoi eta ikusle moduan gerturatu zaretenoi. Kide eta Eika kooperatibei diruz laguntzeagatik, 11Barriri sarreren diseinuagatik eta Kurikeri papergintzako kudeaketagatik. Zinema aretoren batean elkar ikusiko dugulakoan… hurrengora arte”.