Herri txikietako pilotaren hauspoa
Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak hamalau urte daramatza herri txikietako kirola eta, zehazki, pilota hauspotzen. Umeei eta nerabeei euren herrian kirola egiteko zerbitzua ematen die.
Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea Lea errekak sortzen duen haranaren inguruko udalerrietan eragiten duen kluba da. Umeen nahiz gazteen artean kirolagaz eta, bereziki, pilotagaz loturiko balioak zabaltzea du helburu. 2009. urteko urtarrilaren 9an ipini zuten abian beren ibilbidea, eta ekarpen handia egin diote bai eskualdeko kirolari, bai eskualdeko kulturari. Taldearen jomuga da kirola egiteko aukera “herrian bertan eta inora mugitu barik” edukitzea. Esku pilota da elkartearen ardatz nagusia, baina tokia egiten diete bestelako diziplinei ere: pala, zesta-punta, pilotagaz lotutako multikirolak eta abar. Neskek, gainera, “zaletasun handia” erakutsi dute palarekiko, azaldu dutenez.
Lea-Artibaiko bost udalerritan entrenatzen dute elkarteko ordezkariek: Munitibarren, Aulestin, Gizaburuagan, Ispasterren eta Mendexan. Horrez gain, taldeak argitu du inguruko udalerrietako umeek edota gazteek “atea guztiz zabalik” daukatela, herriotan entrenatzera animatu gura baldin badute.
Urterik urte partaide kopuruak gorabeherak jasan dituen arren, Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak beti egin izan du ahalik eta ume eta nerabe gehien pilotaren mundura erakartzeko ahalegina. Egun, elkartetik adierazi dute pilota “gutxiengoan” dagoen kirol alorra dela: “Futbola moduko kirol handi eta globalizatuek min oso handia egiten diete lekuan lekuko kirol mota apalagoei”.
Egun, 74 partaidez osaturik dago Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkartea
Dena dela, egun, 74 haur daude elkarte barruan. “Kopuru polita da, baina beti hobetu nahian gabiltza”, adierazi dute. Era berean, kirolaren munduko genero arrakala apaltzea da elkarteak egun daukan jomuga azpimarragarrienetako bat. Izan ere, 50 gizonezko eta 24 emakumezko daude barruan. Nolanahi ere, klubeko ordezkari esanguratsuenetako hiru, argitu dutenez, emakumeak dira, eta hirurak esku pilotakoprofesional mailan lehiatzen dabiltza: Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarra, Enara Gaminde laukiztarra eta Amaia Aldai dimoztarra. Hain zuzen ere, Arrizabalagak modu aktiboan laguntzen dio klubari: kiderik gaztetxoenak entrenatzen ditu astero-astero Ispasterko Areitz-Bi pilotalekuan.
Klubean aritutako beste partaide esanguratsu bat Endika Uriondo gizaburuagatarra da. Apirilaren 7an Lekeitioko Santi Brouard frontoian amaiera eman zion bere ibilbide profesionalari. Klubekoek hasieran “tristura handiz” hartu zuten Uriondoren erretiroaren albistea, baina “ibilbide apartaren eta goi mailakoaren osagai legez” sentitu direla adierazi dute.
Elkartekoek nabarmentzen duten beste ezaugarria klubaren “balioaniztasuna” da: “Kirolaz aisialdi edota osasun hutsagatik gozatu duten gazteei aukera ematen diegu, baina baita lehiaketetara beren burua aurkeztu gura dutenei ere”. Lea Ibarra Motrollo Pilota Elkarteak Euskal Herriko zazpi lurraldeetako esku pilota txapelketetan izena emateko eskubidea dauka, eta urte osoan “jarraikortasun osoz lehiatzeko aukera” ematen die ume zein gazteei.
Lizarrako Txapelketan, Malerreka inguruko Josetxo Ezkurra Txapelketan, kluben artekoan, Bizkaiko Pilota Federazioaren txapelketetan edota Berria Txapelketan lehiatzen dute, besteak beste
Duela hainbat denboralditatik, Bizkaiko Pilota Federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartzen dute elkartekideek. Aurten, gainera, Lizarrako Txapelketan ere jokatu zuten, emaitza paregabeak poltsikoratuz: ume mailan Janitz Bengoetxeak irabazi zuen eta Aimar Okamikak, ostera, senior mailan. Halaber, Malerreka inguruko Josetxo Ezkurra Txapelketan, kluben artekoan edota Berria Txapelketan ere aritu ziren.
Dena dela, eurentzat esanguratsuena klubak antolatzen duen San Pedro txapelketa da: finaletarako sailkapen prozesua entrenatzeko erabili ohi dituzten frontoietan egiten dute, eta finalak, aldiz, San Pedro egunean, Munitibarko pilotalekuan. “Egun polita eta berezia izaten da, eta jende asko elkartzen da; esangura handia du klubeko kide guztientzat”.
Kide berrien bila dabiltza. Etorkizuneko jomugei dagokienez, pilota bultzatzea eta partaide kopurua mardultzea dute ortzimugan. “Hurrengo ikasturte hasierara begira, aurtengoaren amaieran triptikoak banatuko ditugu, herritarrek klubari buruzko informazioa jaso dezaten. Gure jomuga da herri txikietan kirola egiteko zerbitzua eskaintzea; tokiko kirolaren alde gogor behar egiten segituko dugu”.