Hegoak astinduz herria hartu dute Txantxangorriek
Goiza giro ezin hobean gozatu ondoren, arratsaldeko egitarauari ekingo diote.
Aurpegiak margotuta, musika eta jai giroa. Mutrikuko Txantxangorri Aisialdi Taldearen Irri Eguna eta 20.urteurren jaia abian dira. Goizetik abiatu dira ekimenak, eta Goiko Plazan bildu dira ume, gazte zein nagusi, kalejiran guztiak batera abiatzeko.
Beheko Plazarainoko bidea osatu du jendetzak eta ibilbidearen amaieran, musika eta dantzak izan dira nagusi. Txikienak gogotsu hartu dituzte erraldoi eta buruhandiak; korrikaldiak, argazkiak eta irribarreak tarteko, eguerdia giro ezin hobean ospatu dute.
Urte luzez txantxangorrin ibili diren txikiei zein begiraleei zuzendutako jaia izanik, eguerdian, Txantxangorriko begirale direnak, izandakoekin batera mahai inguruan biltzeko unea izan da, 25 lagun inguru bildu dira. Indarrak hartuta, arratsaldeko ekimenei ekingo diete, eguna hasi besterik ez baita egin; ikuskizunak, haurrentzako ekintzak eta musika izango baitira arratsaldean protagonista.
EGITARAUA
Apirilak 22, zapatua
- 17:00. Antxo eta Pantxa pailazoen ikuskizuna haur hezkuntzako haurrentzako, Zabiel plazan. (Euria egingo balu Zabiel kultur etxean).
- 17:00. Txantxan izarrak ekintza, Lehen hezkuntzako haurrentzako, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Txantxangorriren denda, Beheko Plazan.
- 17:00-19:00. Txantxangorriren argazkien eta dokumentalaren erakusketa, Zabiel Kultur Etxeko erakusketa gelan.
- 19:00. Joxpa erromeria, Beheko Plazan.