Xabier Lujua eta Juan Carral XI. Lea-Artibai Rallyeko irabazleak
Kastinparro Racing taldeko Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti izan dira bigarrenak.
CDA Kenako Trapaga taldeko bikoteak eskuratu du saria. Lasterketa on bat eginda, Xabier Lujua Grijalbo eta Juan Carral Mantecon izendatu dira txapeldun, XI. Lea-Artibaiko Rallyean. Euskal Herriko Zirkuituko lehen proba izan da, eta goi mailako gidariak bildu ditu txapelketak. Aurten, zortzi zati burutu dituzte, guztira 231 kilometro eginez; 80,98 kilometro izan dira kronometratuak. Bikoteak, 46: 55,35 denboragaz osatu du ibilbidea, Hyundai i20 R5 autoagaz.
Bigarren eta hirugarren postuaren arteko lehia amaiera arte luzatu da. Azken etaparen denborak eskuan izan arte ezin izan dute sailkapenak jakin, emozioari eutsiz. Azkenean, bigarren sailkatuak, Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrak izan dira; 47:23,52ko denboragaz osatu dute ibilbidea, Renault Clio Williams autoagaz. Hirugarren sailkatuak, Ioritz Odiaga eta Iker Mintegia izan dira, hain zuzen ere pasaden urteko irabazleak, Renault Megane autoagaz.
Irabazleak pozik agertu dira lortutakoagaz, Lujua pilotuarentzat ez da lehenengo aldia izan Lea-Artibai Rallyean, baina bai ordea, Carralentzat eta ibilbidea asko gustatu zaiola onartu du: “Lehenengo aldia da niretzat hemen, eta tramoak asko gustatu zaizkit, ibilbidea oso polita iruditu zait”. Gainera, orokorrean “asko gozatu” dutela aitortu dute, hala ere, goizeko tramoetan zailtasunak izan dituzte: ” Goiza zailagoa izan da, eguraldi txarra egin du eta horrek gauzak konplikatu ditu, hala ere, ez dugu arazo nabarmenik izan”.
Eibar eta Etxabarria arteko tartean istripua egon da, eta horrek txapelketan atzerapenak sortu ditu. Zazpigarren zatiaren irteera dezente atzeratuz, hala ere, antolatzaileek gertakaria konpontzea lortu dute. Aurtengo X.Lea Artibai Rallyko irabazleak jada izendatuta, Etxebarriko frontoian emango diote hasiera sari banaketari.