Aitzol Etxaburu eta Irantzu Gallastegi presoak Euskal Herrira lekualdatu dituzte
Etxaburu Lannemezango (Frantzia) kartzelatik Martuteneko espetxera lekualdatu dute gaur [apirilak 25]. Gallastegi, aldiz, Estremeratik (Madril, Espainia) Zaballara lekualdatu dute.
Aitzol Etxaburu Artetxe preso ondarrutarra eta ama mutrikuarra duen Irantzu Gallastegi Sodupe preso berangoarra Euskal Herrira lekualdatu dituzte. Espainiako Espetxe Erakundeek martxoaren 24an iragarri zuen Gallastegi Euskal Herriko espetxe batera lekualdatuko zutela, baina ez nora ezta noiz ere.
Etxaburuk zigorra amaitzeko aldaketa eskatu zuen, eta gaur 08:30ak bueltan atera dute Lannemezanetik; Espainiako poliziak zuzenean eraman du Martuteneko espetxera, eta senideek esan dute han Asier Badiola preso ondarrutarragaz bat egin duela. Etxaburuk senideei jakinarazi die espetxe batetik besterako bidaia «ondo» egin duela.
Gallastegiri dagokionez, Etxeratek atzo [apirilak 24] jakinarazi zuen Zaballako espetxean dagoela jada. Gallastegirekin batera, Gregorio Eskudero preso oriotarra ere Euskal Herrira lekualdatu dute; Eskudero Martutenera lekualdatu dute.
Gallastegi Estremerako espetxean zegoen preso, Euskal Herritik 450 kilometrora. Eskudero, berriz, Dueñasen, 310 kilometrora; duela ia bi urte hurbildu zuten Orioko (Gipuzkoa) presoa. Lekualdaketa horien berri emateaz batera, salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dutela aldarrikatu zuten presoen senideek, Etxeratek deituta: «Amaitu da, azkenik, horrenbeste sufrikario eragin eta utzi digun aro luze hau». Sarek ere amaitutzat eman du euskal presoen urruntze politika. Izan ere, bi lekualdaketa horiek eginda, orain preso bat bakarrik falta da Euskal Herrira ekartzeko: Asier Borrero algortarra (Duesoko kartzelan dago).
Jaione Jauregik presoak, berriz, Espainiako espetxe batean jarraituko du; Alcalako kartzelan dago, behin-behinean. Jauregi 2020an atxilotu zuten, Belgikan, eta ondoren Espainiaratu. Haren aurkako auzibideak martxan daude Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta auzitegi hura da haren behin-behineko espetxealdia agindu duena. Atxilotu aurretik, Ganten (Flandria) bizi zen Jauregi, eta bere aldeko babes sare bat ere badu han.