Baso Biziak plataformak nekazaritza eta basogintza sektorea birdiseinatzeko aldarrikatu du
Plataformak esan du baso kudeaketa irizpide zientifikoetan oinarrituta egon behar dela, eta ez soilik produktiboetan. "Apustu garbia egin behar dugu lurraldea ondasun komun bihurtzeko".
Udalez udal basogintza eredu berriaren inguruko mozioak aurkeztu zirenetik urte batzuk pasatu direnean, Baso Biziak plataformak horren balorazioa egin du eta udal agintariei gogorarazi diete mozioak onartzeak herritarren aurrean urratsak ematera behartzen dituztela, “onartutakoa haizeak eraman ez dezan eta ez dadin itxurakeria berdea bihurtu”.
Azaldu dute balorazioa egiteko hiru galdera bidali dizkietela mozioak onartu dituzten udalei, eta nahiz eta hainbatek erantzunik ez bideratu, esku artean dituzten datuekin esan dute mozioak onartu diren udalek bete egin dutela paperean jasotakoa. “Mozioa onartu ez duten udaletan monolaborantzak aurrera egin du inongo oztoporik gabe eta baita eukaliptoak landatuz ere”.
Herritarrei egindako lana eskertzeaz batera, herri presiorik gabe erakunde publikoei beste aldera begiratzea “errazagoa” egiten zaiela salatu dute. “Herritarrok berriro ere izan gara, udalekin elkarlanean, sinatutakoa betetzeko bermea”.
Aurrera begira monolaborantzak erregulatzea eta murriztea eta horrelako landaketa berriak saihestea proposatzen dute, “baso autoktono eta bioanitz bateranzko trantsizioa egiteko”
Aurrera begira, lurraldea ondasun komun bihurtzeko apustu garbia egiteko proposamena egin dute. “Erakunde publikoek sektore honetan legeak egiteko orduan dituzten erantzukizunak ez dira basogintzako interes pribatuen menpe jarri behar, onura eta funtzio publikoaren menpe baizik. Beharrezkoa da nekazaritza eta basogintza sektorea bere osotasunean birdiseinatzea, eredu estentsiboak, hurbilak, ekologistak eta iraunkorrak proposatuz”.
Bide horretatik, baso-kudeaketa irizpide zientifikoetan oinarrituta egin behar dela diote, “eta ez soilik produktiboetan”. Beraz, aurrera begira monolaborantzak erregulatzea eta murriztea eta horrelako landaketa berriak saihestea proposatzen dute, “baso autoktono eta bioanitz bateranzko trantsizioa egiteko”. Tokiko erakunde publikoei dagozkien baso politiketan hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko exijitu diete.
Plataformak basoa antolatzeko hiru maila proposatzen ditu: onura ekosistematikoak dakartzaten kontserbaziorako basoak (korridore naturalak, interese ekologikoko berdeguneak…), espezie autoktonoekin sortutako hurbileko baso produktiboak (biomasa estentsiboa…) eta fruta arbolez osatutako baso jangarriak (oinarrizko elikagaiak ematen dituztenak).
Orain artekoak. 2021-2022 urteko lanketan hamazazpi hektareatan hamazortzi espezietako 5.800 zuhaitz landatu zituztela esan eta 2022-2023 denboraldian 26 hektareatan 22 espezietako 9.223 zuhaitz sartu zituztela gaineratu dute. “Tokian tokiko bidelagunekin, auzolanean gure proiektuak eskatzen digun praktika aurrera eramaten ari gara”.
Gogorarazi dute naturak berak, aldaketa klimatikoarekin batera, gogoeta sakona egitera behartuko duela. “Irizpide eta teknika zaharkituak mugatu, baztertu eta bestelako balio eta onura ekosistemikoak lehenetsi behar dira, gizarte osoaren eta bioaniztasunaren mesederako”.