Berriatuko San Gregorio jaietan jarriko da martxan Gababus zerbitzua
Aurtengo berritasun nagusia da salneurriaren igoera: 3 eurotik 5 eurora pasa da.
Iaz pandemiaren ostean berriro ere martxan jarri ostean, Berriatuko San Gregorio jaietan hasiko da Gababus zerbitzua. Maiatzaren 5eko eta 6ko kontzertuetara autobusez itzultzeko aukera zabalduko dute, ohiko ordutegian 03:00etan eta 05:00etan. Zerbitzua Lea-Artibaiko 16 urtetik gorako gazteei dago bideratuta. “Helburua da beste herrietako giroaz gozatzera joango direnei segurtasunez bertatik bueltatzeko aukera ematea”, esan dute.
Aurtengo kanpainak bi berritasun nagusi dakartza. Alde batetik, tiketaren salneurriaren igoera: 3 eurotik 5 eurora pasako da. Beste alde batetik, tiketak erosteko modua ere aldatuko da. Lehenengo jaietarako herri bakoitzeko ohiko lekuetan jarriko dituzte salgai, baina aurreratu dutenez, laster www.gababusa.eus webgunean erosteko aukera egongo da (plataforma zabaltzen dutenean). Hori bai, Lekeition edo Ondarroan, adibidez, turismo bulegoan jarraituko dute tiketak saltzen.
Gababusa edukiko duten jaiak:
- Maiatzak 5 eta 6: Berriatua, San Gregorioetako kontzertuak
- Ekainak 10: Amoroto, Oletako jaiak
- Uztailak 1: Ondarroako Zapatu Azule
- Uztailak 7: Amoroto, San Martin jaietako kontzertua
- Uztailak 14: Markina-Xemein, Karmen jaiak
- Uztailak 22: Etxebarria, Santixau jaiak
- Uztailak 24: Ispaster, Santixau jaiak
- Abuztuak 16: Ondarroa, Andra Mari jaiak
- Abuztuak 17: Ondarroa, Andra Mari jaiak
- Irailak 1: Lekeitio, San Antolin jaiak
- Irailak 22: Aulesti, Santa Eufemi jaiak
- Urtarrilak 27: Munitibar, San Bizente jaiak