Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu 4. Pintxo Bidea Lehiaketak
Eguenetik [apirilak 27] domekara [apirilak 30] Markina-Xemeingo eta Etxebarriko hainbat tabernek haien pintxorik onenak erakutsiko dituzte.
Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkarteak IV. Pintxo Bidea lehiaketa antolatu du Etxebarriko Udalagaz, herriko udalagaz eta beste hamabi laguntzailegaz batera. Eguenetik [apirilak 27] domekara [apirilak 30] bi herrietako hamabi tabernek tabernek parte hartuko dute lehiaketan, hau da, inoiz baino parte hartzaile gehiago izango ditu iazko hamaika tabernako marka gaindituz.
Hurrengokoak dira izena eman duten tabernak: Etxebarritik Otsolok eta Antsotegik eta Markina-Xemeindik Naroki, Ilunpe, Melo’s, Opela, Vega, Mendibil, Patxua, Irurok, Mugarri eta Kintal. Bakoitzak pintxo bat aurkeztu du lehiaketarako eta lau egunetan 12:30etik 14:30era eta 18:30etik 21:30era jarri beharko dute eskuragarri bezero eta epaileentzat. Pintxo bakoitzak 1,60 euroko prezioa izango du. Iaz Ilunpe tabernak lortu zuen garaipena “Pajaro en mano” pintxoagaz.
Hain zuzen ere, lau sari banatuko dituzte, bi tabernentzako eta beste bi bezeroentzako. Tabernek, batetik, pintxo onenaren saria dute 150 euroko sariagaz, eta bestetik, km0 saria, non inguruko produktuen erabilpena sarituko den eta 75 euroko saria duen. Horrez gain, bezeroentzako ere sariak egongo dira, bat irabazlea asmatzen dutenentzat eta bestea pintxo guztiak dastatzen dutenentzat, azken honetan, denak dastatu direla egiaztatzeko zigilu bidezko sistema bat ezarriko dute antolatzaileek. Biak ala biak zozketa bidez hautatuko dira eta irabazleek merkatari elkarteko saltokietan gastatzeko 50 euroko bonu irabaziko dituzte. Epaimahaia kanpotik etorritako hiru pertsonaz osatuta egongo da eta pintxo bakoitzaren zaporea, testura eta aurkezpena aztertuko dute.
Aurrerapausoak. Hemen Be Bai elkartetik “oso pozik” daude lehiaketaren garapenagaz, bai tabernen aldetik zein bezeroen aldetik: “Inflexio puntu batera heldu gara non dagoeneko tabernak eta bezeroak diren txapelketaren inguruan galdetzen gaituztenak. Bizitasuna ematen die bi herriei, mugimendua azken batean, eta pixkanaka gero eta indar gehiago hartzen ari da”. Ermuko pintxo lehiaketa dute erreferente eta antolakuntzarako bertako eragileekin jartzen dira harremanetan. “Hasieran beldurragaz ekin genion lan asko ekartzen duelako lehiaketak, bi ordutegietan hautatutako pintxoa ahalik eta hobekien prest izan behar duzu pentsa”. Hain zuzen ere, antolatzaileek nabarmendu dute parte hartzaileen pintxoek azken urteetan izan duten “kalitate igoera izugarria” eta bide beretik jarraitu nahi dutela esan dute.
Hauek izango dira taberna bakoitzak aurkeztuko dituen pintxoak:
- Patxua, “Secretos de bolas”: Patata, haragi xehatua eta kuiatxoa.
- Mugarri, “Zilindroa”: Haragi xehatua, piper berdea eta aliolia.
- Melo’s, “Sumendi betea”: Hostopiloa, barazkiak eta arrautza.
- Ilunpe, “Piki Bum”: Txahal-haragia, foie grasa eta gazta.
- Vega, “Promesas”: indiolarra, okarana eta mahaspasak.
- Opela, “Zerba kirten errotaria”: Zerbaren orri-mamia, urdaiazpikoa eta errota ogia.
- Naroki, “Nido de colores”: Oilaskoa, barazkiak eta oinarri kurruskaria.
- Mendibil, “Mendibileko txapela”: Haragi urdaiztatua, piperrada eta galeper-arrautza.
- Kintal, “Bikotea”: Otarrainxka, bexamela eta ozpin-olioa.
- Irurok, “Amuman trapu zaharrak”: Piperrak, zankarroia eta perretxikoak.
- Otsolo, “Atopes”: Berakatza, pestoa eta tomate deshidratatua.
- Antsotegi, “Bizkaia maite”: Odolostea, indiarrak eta arrautza.