Eguzkik salatu du Mutrikuko Udalak mendien egur-ustiapen industriala sustatu eta diruz laguntzen duela
“Bereziki larria eta zalantzazkoa da udalak guztion milaka euro esku partikularrei oparitzea”, adierazi dute talde ekologistatik.
Mutrikuko Udalak, EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin, herriko aisialdiko eta profesionalen egur-ustiategien jarduerak eta gastuak finantzatzeko erabakia hartu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak jabe pribatuei urtero ematen dizkien milioi euroak %100eraino osatuz. Eguzki talde ekologistak dio erabaki “harrigarria” dela eta “ingurumen mehatxu berri bat” dela bat datorrelako “egurgintza intentsiboaren lobby-aren tesiekin”.
Taldetik gogoratu dute Mutrikuko udalerriak dituen 2.763 hektareatan ez dagoela mendi publikorik, eta 1.178 hektarea jada egur-ustiategi intentsiboak direla. Horrez gain, jakinarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako baso naturalen %75a desagertu dela. “Krisi ekologiko eta klimatiko honetan, egurraren ekoizpen-eredu intentsiboaren erantzukizuna zuzena dela bioaniztasunaren galeran, baso eta mendietan, lurzoruetan, eremu babestuetan, flora eta faunako espezieetan, ibaietan, uraren kalitatean…”. Eta diotenez, horrelakoak udalak diru publikoarekin finantzatuko ditu, “ingurumenaren aurkako diru laguntzak baitira”.
Gaineratu dute udalak baso naturalen “benetako babesean” inbertitzeko alternatibak dituela.
Eguzkik adierazi du “bereziki larria eta zalantzazkoa” dela udalak milaka euro esku partikularrei oparitzea, “gure mendien ingurumen-degradazioaren bidez etekin ekonomiko pribatuak lortzen jarrai dezaten”. Adibide modura azaldu dute edozein parke eolikok baino “ingurumen inpaktu handiagoa” dutela egur ustiategiek. Horrela laburbildu dute: “Inbertsio publikoak, onura pribatuak, biodibertsitatearen galera”.
Talde ekologistak Mutrikuko Udalari eskatu dio “akats estrategikoa” zuzentzea eta indargabetzea eta aldi berean EH Bilduri “Euskal Herriko baso eta mendien babesarekin bat egiteko”. Hain zuzen ere, baieztatu dute “greenwhasing eta estraktibismo masiborako” tokiko diru laguntzen politika berri hau EHBilduk 2011an, Gipuzkoako ingurumen-politikak zuzentzen hasi zenean, hartutako erabakien eta konpromisoen “aurkakoa” dela. Mutrikuko udal-akordioarekin ekologismoari aurre egin nahi diote bioaniztasuna babesteko oinarrizko gai batean.
Alternatibak. Gaineratu dute udalak baso naturalen “benetako babesean” inbertitzeko alternatibak dituela. Esate baterako, ekosistemak lehengoratzeko proiektuak, lurrak erostea, pistei, matarrasei edota egur-ustiategiei mugak jartzea urak hartzeko eremuetan, paisaia-intereseko eremuetan edo malda handietan. Hain zuzen ere, Berriatuko Udaleko kudeaketa jarri dute erreferente. “Epe luzera plangintza, parte hartze, lur erosketa eta landaketekin, natur ingurunearen kudeaketa ausarta eta eraginkorra bat egiten ari da”.