San Gregorio Jaiak, denetariko eta denentzako eskaintzagaz
Berriatuko Zesta Eskolak irakurriko du aurten jaietako pregoia. Besteren artean, inguruko musika taldeen aldeko apustua egin dute antolatzaileek.
Berriatuarrak jai usaina sumatzen hasiak dira: herriko jaiak, sangregorioak, ate joka dituzte. Apirilaren 29an eta maiatzaren 5a eta 9a bitartean ospatuko dituzte aurtengo jaiak, eta egitaraua “denentzat eta denen artean” atondu dutela adierazi dute Berriatuko udal ordezkariek.
Gazte Egunak abiatuko ditu herriko jaiak. Berriatuko gazteak talde bazkarian elkartuko dira zapatuan [apirilak 29], eta arratsaldetik gauera arteko jai giroaz gozatzeko aukera edukiko dute. Bazkalostea musikaz eta jolasez alaituko dute. Gauean, aldiz, zuzeneko musikaren dezibelak gailenduko dira plazan: Casus Belli, Bullets of Misery eta XSakara igoko dira oholtzara.
Hain zuzen ere, kontzertuak dira, Berriatuko alkate Jon Arriola Espillaren berbetan, egitarauko berritasunetako bat: “Azken urteotan, sona handiko talderen bat ekarri dugu; aurten, izen apalagoa dutenei eta ingurukoak direnei plaza bat eskaini nahi izan diegu. Adibidez, Hilbera taldea Markina-Xemeindik dator, Bullets of Misery Gernika-Lumo, Lekeitio eta Ondarroatik eta Casus Belli Mundaka ingurutik. Gainera, talde potolo bat ez kontratatzeak txikiagoen kopurua handiagoa izatea ere ekarri du”.
Hurrengo barikuan [maiatzak 5], izango da Berriatuko jaietako egun nagusietako bat. Urteroko usadioari jarraituz, Kaxeroren jaitsiera egingo dute. “Herriko sinboloetako bat da, eta herritar guztiak biltzen ditu jaitsierak». Jarraian, pregoiaren irakurketa egingo dute. Aurten Berriatuko Zesta Eskolari egokitu zaio hori egiteko “ohorea”: “Pregoia irakurtzea ohorea izan ohi da herritarrentzat, eta egoki ikusi dugu aurten Zesta Eskolakoek egitea. Izan ere, besteak beste, Berriatua zesta-puntagatik da entzutetsua; zentzu horretan, Zesta Eskolak esangura handia du”. Ostean, herritarrak ez dira plazatik mugituko, play-back lehiaketa egingo baitute. Eguna kontzertuekin borobilduko dute.
800 lagun paella janean. Maiatzaren 6an paella jan herrikoa egingo dute, eta 800 lagunetik gora egongo dira. “1.200 biztanleko herri batentzat, ez dago txarto”, adierazi du Arriolak. Bai barikuan, bai zapatuan Gababus zerbitzua egongo da. Zinbulu taldearen dantza bertikalen saioa eta Sarats Dantza Elkartearen euskal dantza ikuskizuna izango dira domekako [maiatzak 7] plater nagusiak. Astelehenean [maiatzak 8], ostera, umeei zuzendutako egitaraua egongo da. Besteren artean, jolas eta abentura parkeak edukiko dituzte.
San Gregorio Egunean [maiatzak 9], ostera, aizkolari eta harri jasotzaileen herri kirol erakustaldiak eta eskualdeko sortzaileen Kandelak dantza ikuskizunak emango diote amaiera Berriatuko jaiei.
SAN GREGORIO JAIETAKO EGITARAUA
- Apirilak 29, zapatua, Gazte Eguna.
- 15:00. Bazkaria.
- Ondoren. Musika eta jolasak.
- 21:00. Kontzertuak: Casus Belli, Bullets of Misery eta XSakara.
- Maiatzak 5, barikua
- 19:00. Kaxeron jaitsiera.
- Ondoren. Pregoia.
- 21:00. Play-backak, udaletxe aurrean.
- 22:30. Kontzertuak: Xiberoots, Sua eta Hilbera.
- Maiatzak 6, zapatua
- 11:30. Paella janerako mahaien eta aulkien muntaia. Kide bi kuadrila bakoitzeko.
- 12:30. Kalejira erraldoiekin eta buruhaundiekin. Orereta, Etxano, Markina-Xemein eta Viladamateko konpartsekin.
- 14:00. Paellen aurkezpena.
- 19:00. Burrunba elektrotxaranga.
- 22:30. Kontzertuak: Oxabi erromeria eta DJ Nahia.
- Maiatzak 7, domeka
- 13:00. Euskal dantzak, Sarats Dantza Taldeagaz.
- 17:00. Bolo, toka eta igel txapelketa, guraso elkarteak antolaturik.
- 19:00. Dantza bertikalak, Zinbulu taldeagaz.
- Maiatzak 8, astelehena
- 11:00. Jolas parkea, Txatxilipurdik antolatuta. Lau txoko egongo dira: Naturan jolasean, Sormen tailerra, aurpegi margoketa eta disko festa.
- 16:00. Abentura parkea, Leaktibairen eskutik.
- Ondoren. Txokolate jan herrikoia, Anaitasuna elkarteak antolaturik.
- Maiatzak 9, martitzena, San Gregorio eguna
- 13:00. Herri kirol erakustaldia: Ugaitz Mugerza, Iker Vicente, Liherni Osa eta Anitze Zumeta.
- 19:00. Kandelak dantza ikuskizuna, Garazi Etxabururen eta Jose Pablo Arriagaren eskutik.