Esti Urresola: "Ekai Lersundiren gertaerak esnatze bat suposatu zuen"
Ezbeharra abiapuntu izan duen filmak errealitateak gerturatzen dizkie ikusleei, pertsonaia ezberdinen begiradak eskaini eta begirada okerrek eragiten duten mina azaleratuz.
Ekai Lersundi gazte ondarrutarrak bere buruaz beste egin zuen 2018an, eta gertaera horrek beregan eta Euskal Herriaren testuinguruan izan zuen eragina abiapuntu hartu du Esti Urresola zuzendariak, 20.000 especies de abejas bere azken filmean haurren transexualitatearen ikuspegiak lantzeko.
Apirilaren 21ean estreinatu zuen filma. Urresolaren gonbidapena jasota, Ana Martinez eta Elaxar Lersundi Ekairen gurasoek Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian bizi zuten estreinaldia. Lersundiren hitzetan, une berezia izan zen, emozioen jarioa izugarria izan zen: «Barikuko eguna zoragarria izan zen. 129 minutu dauzka filmak, eta hain gustura egon nintzen, oso motza egin zitzaidala. Filmean denetariko sentimenduak eduki nituen, barre egin nuen, baita negar ere, oso gorabeheratsua izan zen».
Filmak eskaintzen duen ikuspuntu aniztasuna aberatsa iruditu zitzaion Lersundiri, eta Ane Gabarainen pertsonaiagaz maitemindu zela aitortu du: «Maitemindu egin ninduen pertsonaia horrek, gainera, justu Ane nire aurrean zegoen filma ikusten. Esaldi batek bereziki harritu ninduen, ‘tiene pitilin de mujer’ esaldiak, oso aproposa iruditu zitzaidan». Bestalde, aitaren pertsonaiagaz kontrako sentimenduak eduki zituen, hala nola, gogorra egin zitzaion: «Jarrera horrek mindu egin ninduen, pertsonalki, barrutik pentsatzen nuen: zure alaba da, etxean, kalean eta edonon».
Filma amaitzean, Urresola eta Lersundi negarrez betetako besarkada batean elkartu ziren. Filma erreminta baliagarria dela azpimarratu du: «Filma eskoletan jartzea beharrezkoa ikusten dut, eta ez 10-12 urtetik aurrera, baizik eta txikitatik, eskolan, institutuan, unibertsitateetan…».
Esti Urresola: “Ekaik gutun bat utzi zuen, argiz eta esperantzaz betea, gutun horretan proiektatzen zuen etorkizun hori plazaratu nahi nuen pelikula batean”
Gutuna abiapuntu. Ekai Lersundiren gertaerak «esnatze» bat suposatu zuela adierazi du zuzendariak: «Gertakari horrek, nire ustez, esnatze bat suposatu zuen. Elkarrizketetatik kanpo zegoen kolektibo baten aurrean esnatzea, egunerokoan hitz egiten ez zena eta agenda mediatiko eta sozialetatik kanpo zegoena; haurtzaro transen inguruko iratzartze momentu bat izan zen».
Urresolaren esanetan, kolektiboki hunkitu zuen gertaera izan zen, baina pertsonalki eragin zion Ekaik utzitako gutunak, nahiz eta hasiera batean ez zekien film bat egingo zuenik. Barrenak mugitu zizkion: «Ekaik gutun bat utzi zuen, argiz eta esperantzaz betea, gutun horretan proiektatzen zuen etorkizun hori plazaratu nahi nuen pelikula batean; etorkizun bat zeinetan bera bezalako haur eta gazteek aukera bat topatzen duten bizitzan beren lekua izateko; onartuak, errespetatuak eta babestuak».
Hortaz, gutunean aurkitu zuen itxaropenaren testigua hartu nahi izan zuen bere alorretik, zinematik: «Ekairen gertaera azkena izaten lagundu nahi nuen. Horretarako errealitateen narratibak aldatzea oso garrantzitsua da eta baita pantaila handian ikusten ditugun pertsonaiak ere».
Esti Urresola: “Familia askok esaten zuten ez zirela euren seme-alabak izan trantsitua egin zutenak, baizik eta beraiek egin behar izan zutela trantsitua, euren begirada aldatu behar izan zutelako aurrean zeukaten pertsonarekiko”
Gutunak eragin zion jakin min horretatik abiatuta ekin zion proiektuari: «Momentu hartan nik ez nekien film bat egin behar nuenik gaiaren inguruan, baina egia da gutun horrek asko hunkitu ninduela. Jakin minak bultzatuta eta gaian sakontzeko bulkada hartatik, Naizen elkartera abiatu nintzen –Adingabe transexualen familien elkartea– , eta ikaspen prozesu erraldoia abiarazi zen orduan; familiekin solasaldiak eduki nituen, euren istorioak entzuten, eta hor sentitu nuen istorio bat kontatu beharra zegoela».
Filma askatasunaren eta aniztasunaren aldeko aldarria da eta, horretarako, pertsonaia desberdinak elkartzen ditu filmean, ez du pertsonaia bakarrean begirada jartzen. Dokumentazio fasean egindako elkarrizketetan familiak entzun zituen, eta «oso baliagarria» izan zela aitortu du zuzendariak. «Familia askok esaten zuten ez zirela euren seme-alabak izan trantsitua egin zutenak, baizik eta beraiek egin behar izan zutela trantsitua, euren begirada aldatu behar izan zutelako aurrean zeukaten pertsonarekiko». Ikuspuntu horrek bultzatuta, pertsonaia desberdinak batu ditu filmean; emakume desberdinak, hainbat belaunalditakoak, genero identitatearen bizipenagatik ere mugatuak edo zeharkatuak izan direnak, askotariko emakumeak.
Historia egin du. Malagako Zinemaldian arrastoa utzi zuen Urresolaren filmak –pelikula onenaren Urrezko Biznaga eskuratu du eta emakumezko aktore onenaren saria irabazi du Patricia Lopez Arnaizek–. Aurretik, baina, historia egin du 73. Berlinalean. Lehen aldia izan da euskal zinemagile batek Berlinaleko Sail Ofizialean bere lehen filma erakusten zuena. Euskara lehenengoz entzun zuten jaialdian, eta txalo zaparrada luzea utzi zuen. Gainera, Sofia Oterok aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso zuen, Horrez gain, Alemaniako zinema aretoen ordezkariek eta Berliner Morgenpost egunkariak ere saritu dute filma.