Papera, hondamendiaren testigu
Munitibarrek 1937an jasandako bonbardaketaren inguruko testigantzak, informazioa eta denetariko datuak jasotzen ditu ‘Munitibar 1937/04/26: Aire-Eraso baten kronika’ liburuak.
Memoria historikoa egunean-egunean lantzen da; bizirik dago herritarren egunerokotasunean. Munitibartarrek gogoan dute hori eta, hain zuzen, herriaren memorian eragitea erabaki dute. Izan ere, 1937ko apirilaren 26an, goizetik eguerdira arte, abiazio alemaniarrak Munitibarren egindako aire erasoaren ingurukoak landu dituzte azken urteotan, eta lanketa horrek guztiorrek fruitua eman du: Munitibar 1937/04/26: Aire-Eraso baten kronika izeneko liburua plazaratu dute.
Ahaztuen Oroimena 1936 elkartea eta herritarrak eurak daude memoriaren indusketa ardatz duen proiektuaren atzean, udalaren babesagaz. Elkarteko kide Patxi Ibarzabal Ansolak argitu du “10 urte edo gehiago” daramatzatela Markinako sektorea (Eibar eta kostaldea arteko gerra lerroa) aztertzen eta sasoiko informazioa, testigantzak nahiz datuak biltzen. Liburuaren sorrera, aldiz, “duela hiruzpalau urte” abiatu zuten.
“Hainbat urtetan gaiaren inguruko informazio eta testigantza ustiaketa egin ondoren, 2018 inguruan berbaldi bat eman genuen Munitibarren; orduan kargutu ginen herritarrek bonbardaketaren inguruko interesa zutela; herrian tabua izandakoa zen zelanbait, eta kontu asko zeuden kontatzeko”, azaldu du Ibarzabalek. Hamarkada luzez isilduarazitakoa “berriro ez mututzeko”, jarraian etorri zen memoria ibilbidearen proiektua. Munitibarko bonbardaketagaz erlazionatutako guneetan informazio panelak ipini zituzten, zirkuitu bat osatuz. Behin “informazio mordo ederra” pilatuta, argitara emateko formatu baten bila hasi ziren, eta horrela ernaldu zen “orain arteko ibilbidea batzen duen liburua”.
Proiektua ontzerakoan, argi geratu zaie erasoaldia bizi zutenek “bikain” gordetzen dutela egun hura: “Batek arrozesnea gosatzen zebilela gogoratzen du; beste batek, ostera, soroan zegoela, erremolatxa landatzeko sasoia zela eta, goldaketan. Memorian oso bizirik dute pasatu zena. Kontua da gerora etorritako diktaduraren zentsurak zein jazarpenak diskurtso hura ezabatzea lehen mailako helburu zutela”.
Ohiko lan monografikoetatik harago, kronika itxurako liburua sortu dute. Jasotako datu baseaz eta testigantzez gain, orduko egoera historikoaren inguruabarrak kontatzen dituen testu orokorra ere badago; Ibarzabal bera izan da hori jasotzearen arduraduna. Erasoaren gainekoak argitara emateaz gain, bere aurrekariak eta bonbardaketa orduko egunak, batetik, eta, bestetik, bere ondorioak eta hurrengo egunak argitara eman dituzte.
Ibarzabalek azaldu du Munitibarko erasoak eragina zuela Intxorta, Eibar eta Elgetako frontea erortzeagaz. “Galera hark kostaraino eragin zuen; hortaz, bertakoak ez ziren pertsona ugari zeuden egun hartan herrian. Eraso egunari dagokionez, xehetasunak zorroztasunez landu dituzte: “Orduz orduko ziurtasunez, etxe, auzo edo mendian gertatu zena bildu dugu, testigu bakoitzaren bizipenak jasoz”.
Ondorengo egunei ere tartea gorde diete liburuan; bizitako beldurra, faxisten sarrera, erbestea edo errepresioa bistaratu dituzte. Baina, batez ere, hobiratzeengan ipini dute arreta: “Herritar bi izan ezik, gainontzekoak hobi komunetan ehortzi zituzten; baten batzuk, gainera, bonben zuloetan”. Informazio eranskinak dira lanaren erakargarri esanguratsuenetako batzuk, egindako urteetako azterketaren erakusgarri: “Munitibarren zegoen errefuxiatu zibilen kopurua, frontean gudari ibilitako munitibartarrak, Markinako sektorean fortifikazio lanetan aritutako munitibartarrak… denetarik jaso dugu”.
Patxi Ibarzabal Ansola: “Herriari ahalik eta informazio duinena eta erabilgarriena ematen saiatu gara”
Bideari zor zaion beharra. Erregistro zibila, elizetako nahiz udaletxeetako aktak, webguneak, liburuak, artxibo militarrak… mota guztietako iturrietatik edan dute. “Hori guztia orduz orduko azalpenetara eroanez eta xehetasunik txikienak ere azalduz landu dugu”. Urteetako prozesua “konplikatua, korapilatsua eta, batez ere, pozgarria” izan dela adierazi du Ibarzabalek: “Behar askoko bidea izan da, ardura ugarikoa, eta herriari ahalik eta informazio duinena, osatuena eta erabilgarriena ematen saiatu gara, betiere modu boluntarioan”.
Gaizka Muñoz Etxebarria munitibartarrak ere bertatik bertara bizi izan du liburuaren sorrera bilakaera guztia. Diseinuaz eta maketazioaz gain, lantaldearen koordinazio lanez arduratu da. Herritarren testigantzak jaso ondoren, 18 herritarrez osaturiko transkripzio taldea sortu zuten. “Testigantzen bideoak banan-banan eta eskuz transkribatu zituzten”, azaldu du Muñozek.
Hizkuntza irizpideari buruz galdetuta, eduki dute buruhausterik: “Transkripzioak literalak izan behar ziren, baina tokiko hizkeran zehatz-mehatz idazterik ere ez zegoen; beraz, Ahotsak.eus-eko langileek lagundu ziguten, eta araudia Munitibarko hizkerara aplikatu genuen, bertakoen berba egiteko modua mantenduz”. Behar horretan aritu zirenentzat «oso intentsoa» izan zela adierazi du: “Zenbaitek beren aitona-amonen testigantzak jaso dituzte, horrek dakarren karga sinbolikoagaz”.
Behin testigantzetatik jasotako testuak Ibarzabalen testu orokorragaz josita, argazkien bila hasi ziren: “Liburua janztea izan da punturik gaitzena. Ez zegoen garai hartako Munitibarko argazkirik, esaterako, Gernikako bonbardaketaren kasuan egon badauden legez”. Kasualitateak, baina, erantzuna eman zien: “Facebooken, Entrada de los nacionales en Gernika esaldia zekarren argazki bategaz jo nuen, eta kargutu nintzen erakusten zen hura ez zela Gernika; ezaguna egiten zitzaidan eta, jakina, Munitibar zen. Francoren mairuak eta soldaduak herrian bistaratzen dituzte argitaratu gabeko argazkiok, esaterako, eliza atzealdean edota egun errepidea dagoen eremuan.
Ogibiderik zailenetakoa, azaldu duenez, maketazio, zuzenketa eta diseinu prozesua izan da. “Ordura arteko material guztia antolatzeak, kokatzeak eta modu erakargarrian diseinatzeak lanak eman dizkigu”, argitu du Muñozek. Lubaki Grafik Faktory enpresaren laguntza eduki dute eginbehar horretarako.
Azalari dagokionez, memoria historikoa jorratzen duten liburuen ohiko estilo grafikotik “ihes” egin gura izan dute: “Ez genuen ohiko argazki zaharrak, hegazkinak edo pistolak erakusten dituen azal klasiko horietako bat egin; horren ordez, sormenagaz lotutako bideetara jo dugu. Gainera, irakurleak, irakurketan aurrera egin ahala, azala are hobeto ulertuko du; zentzua hartuko du errelatoan zehar”.
Herritik dator, herrira doa. Muñozek adierazi du Munitibarren erroldatuta pertsonek liburua jasoko dutela: “Etxe bakoitzeko liburu bat banatuko dugu”. Halaber, sustatzaileen asmoa Lea-Artibai eta Busturialdeko liburutegi bakoitzean ere ale bana uztea da. “Ekimena herritik atera da, herriak landu du, eta herriarena da”, adierazi du.
Gaizka Muñoz Etxebarria: “Proiektuak gehiago hurbildu nau herrira, eta orain hobeto ezagutzen dut”
Bidearen edertasunaz mintzo da Muñoz: “Ni duela 8 urte etorri nintzen Munitibarrera bizitzera, eta proiektua bere osotasunean ezagutu dut; esango nuke herrira gehiago hurbildu nauela, eta orain hobeto ezagutzen dut. Harro gaude egindako ibilbideaz”.