Xabat Ibarloza: "LaLiga Genuineko jokalaria naizenetik asko ikasi dut"
2023ko Ibilaldia dela eta, LaLiga Genuinen parte hartzen duten euskal taldeek torneoa jokatuko dute domekan [apirilak 30], 11:00etan hasita, Ondarroako Zaldupen. Ibarlozarentzat oso hitzordu berezia izango da.
Zuretzako zer da LaLiga Genuine?
Ni bezalako pertsonez osatutako liga bat da, eta guretzako oso berezia da. Guretzako parte hartzea, elkartasuna, errespetua eta ondo pasatzea dira ezaugarri garrantzitsuenak. Neskek eta mutilek elkarrekin jolasten dugu, eta horrek ere besteengandik desberdintzen gaitu.
Zelan ailegatu zitzaizun Athleticen jokatzeko aukera?
Athletic fundazioko fitxaketa bat izan nintzen. Irailean hasi nintzen eta, oraingoz, oso pozik nago. Gainera, Athleticek behar ditugun material guztiak ematen dizkigu, geuk edukitzeko.
Prestaketaren bat egiten duzue ligako faseak jokatu baino lehenago?
Entrenatzailea eta talde teknikoa dauzkagu, eta astero entrenatzen dugu. Martitzenetan joaten naiz Lezamara entrenatzera, eta talde guztiak batera entrenatzen dugu.
Zerbait ikasi duzu LaLiga Genuineko jokalaria zarenetik?
Aurreko urteetan ez dut futbolean asko jokatu eta, orduan, Athleticen entrenamenduetara ikasteko gogo handiagaz joaten naiz. Irailetik gaur arte asko ikasi dut.
Zer espero duzue denboraldi amaierarako?
Orokorrean ez naiz kanpoko partiduetako deialdietan egoten. Ez nago Burgosera joateko zerrendan, baina espero dut taldekideek ondo jokatzea eta jokatuko dituzten hiru partiduak irabaztea.
Aurrerako gazteen mailako partidu guztietara joaten zara. Taldearen parte zara.
Gehien bat taldea animatzera joaten naiz. Entrenamenduetara joaten naiz, eta partidu guztietan egoten ahalegintzen naiz.
LaLiga Genuine dator Zaldupera. Berezia izango da hainbeste denbora igaro duzun futbol zelaian jokatzea, ezta?
Domeka goizean jokatuko ditugu partidu guztiak Zaldupen. Euskal taldeek bakarrik jokatuko dugun torneo bat da. Athletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioa, SD Eibar Fundazioa, Deportivo Alaves eta CA Osasunak jokatuko dute. Oso berezia da niretzat nire herriko futbol zelaian jokatzea.
Domekan [apirilak 30] LaLiga Genuinen parte hartzen duten bost euskal taldeek txapelketa jokatuko dute, Ondarroako Zaldupe futbol zelaian, Ibilaldia 2023ren ekimenez: Athletic Club Fundazioa, Real Sociedad Fundazioa, SD Eibar Fundazioa, Deportivo Alaves eta CA Osasuna aterako dira berdegunera.
LaLiga Genuine desgaitasun mentala daukaten pertsonek osatzen duten liga bat da. Futbol profesionaleko 44 taldek parte hartzen dute, eta neska eta mutilez osatutako taldeak dira. Kirol emaitzagaz haratago, taldeek erakusten duten kiroltasunak ere garrantzia dauka. Ligaren helburua ez da lehiatzea, ondo pasatzea eta errespetuz jolastea baizik.
LaLiga Genuine hiru multzoetan banatuta dago, eta bost euskal taldeak azkeneko bi multzoetan banatuta daude. Real Sociedad eta Eibar adiskidetasunaren multzoan daude eta Osasuna, Alaves eta Athletic, errespetuaren multzoan.
Gaur-gaurkoz, sailkapenean honela daude Zaldupen ariko diren taldeak: Adiskidetasunaren multzoan, Reala 15. postuan dago 11 puntugaz eta Eibar, 12. postuan, 14 puntugaz. Errespetuaren multzoan, Osasuna 2. postuan dago, 17 puntugaz, Alaves 6. postuan, 14 puntugaz eta Athletic 11. postuan, 7 puntugaz. Horrez gain, talde bakoitzak fairplay puntuak lortzeko aukera dauka, eta Athletic da euskal taldeen artean puntu gehien dituen taldea. 238 puntu ditu.