Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du
Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero artista ezberdinak gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak 10 urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatuz
Txurruka Tenienteak etorbidean egindako lanarekin, bigarren horma irudia da Mutrikuko herrian ikusgai dagoena. Udatxo artistak eskola parean egindako lanarekin hasi zuen udalak Mutriku aire libreko museo bilakatzeko ibilbidea, eta bigarren fasean daude orain. Nexgraff bezala sinatzen duen Nestor Otaño artistak egin du Txurruka Tenienteak kaleko horma irudia, eta astebete inguru behar izan du lana burutzeko.
Bigarren horma irudiak herria museo ireki bilakatzeko bidean beste pauso bat eman du; bigarren faseko lehenengo urratsa izan da. Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, lau horma irudi egingo dituzte aurten; Nexgraffek bukatu duena, Pablo Astrain artistak San Miguel kaleko horman egingo duena, Txart artistak Txanbolingo biribilguneko horma batean egingo duena, eta azkenik, Murales Lianek Hotel handin egingo duena.
Pablo Astrain eta Txart artistek gaur [maiatzak 2] abiatuko dituzte beraien sormen lanak Mutrikuko kaleetan. Lian muralgileak, berriz, maiatzaren 12an hasiko du lanketa.
Lau horma irudiak maiatzerako egingo direla zehaztu dute, baina udalak jakinarazi du urtero proiektua handituz joatea dela asmoa, artista ezberdinak gonbidatu eta horma irudi gehiago eginez. “Euskal Herrian ditugun puntako kale artistak ekartzea da ideia, kalitate handia dute eta izena hartzen ari dira. Udatxorekin hasi zen ibilbidea, eta aurten egingo diren lau horma irudiekin bigarren fasean sartu gara. Baina urtero artista ezberdinak gonbidatzea aurreikusten dugu”. Lehen lana bukatuta, Pablo Astrain eta Txart artistek gaur [maiatzak 2] abiatuko dituzte beraien sormen lanak Mutrikuko kaleetan. Lian muralgileak, berriz, maiatzaren 12an hasiko du lanketa.
Urtarrilean abiatu zen proiektua, eta artista ezberdinekin bildu ondoren, aukeraketa etorri zen. Udalak, bere aldetik, gaiak zehaztu zituen: aniztasuna, feminismoa eta Mutriku (itsasoa eta mendia). Emandako gaiarekin, artista bakoitzak bere sormena garatzeko askatasun izan du, bakoitzak bere lana nahieran burutzeko.
Hormen aukeraketari dagokionez, artista bakoitzak bere horma aukeratu duela jakinarazi dute. “Bakoitzak bere horma aukeratu du; nork bere beharretara hobekien egokitzen zena aukeratu du”. Proposamenak jasota, eta lau horma horietatik hiru jabetza pribatukoak direla kontuan izanda, udalak bizilagunekin bilerak egin zituen. “Lanketa luzea egin da hormen aukeraketa egiteko. Urtarrilean hasita, bilera ugari egin dira artistekin, eta beraiek izan dira aukeraketa egin dutenak. Ondoren, udala etxe jabeekin bildu da konponbide batera heltzeko”.
Udalak hitzarmenak sinatu ditu bizilagunekin, hala nola, artista bakoitzak 10 urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatuz. Hortaz, udalak hitzarmen horretan 10 urte horiek igaro ondoren hormak hasieran zeuden bezala uzteko konpromisoa hartu du, baita denbora tarte horretan arazoren bat egonez gero konpontzekoa ere. “Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, erreztazunak jartzeagatik”.