Gazteria erdigunean jarriko du Mutrikuko EH Bilduren ekimenak
Bi hitzordu zehaztu dituzte astebururako: 'Kafe bat Josebarekin' eta gazteen etorkizunari buruzko hitzaldia.
Gazteok, herriaren oraina eta etorkizuna hitzaldia antolatu du Mutrikuko EH Bilduk zapaturako [maiatzak 6], 12:00etan, Zabiel plazan. Eraitz Saez de Egiluze Eusko Legebiltzarkide eta EH Bilduko Gazteri idazkariak gidatuko du saioa, eta, besteak beste, gazteria politikez, etxebizitza eskubideaz edo enplegu duinaz hitz egingo du. Eguraldi txarra egingo balu, hitzaldia Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egingo litzatekeela esan dute.
Egun berdinean, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Kafe bat Josebarekin ekimena egingo da, oraingoan, Hirigibelen: Joseba Palenzuela herritarren ideiak, proposamenak, kexak eta iradokizunak entzuten ariko da.