Kirmen Uribek Eusko Ikaskuntza Saria irabazi du
Euskal kulturaren enbaxadore eta euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat dela nabarmendu du epaimahaiak.
Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak irabazi du 2023ko Laboral Kutxa-Eusko Ikaskuntza saria. Euskal literaturaren berritzaile nagusietako bat izateagatik hartu du erabakia epaimahaiak, eta Uriberen nazioarteko arrakasta jarri dute balioan: “Nazioartean arrakasta handia izan duen bere sormen lan bikainari esker, Kirmen Uribek curriculum nabarmenena irabazi du. Bere lanak hogeiren bat hizkuntzatara itzuli dituzte. Bere ospea Txina edo Japoniaraino iritsi da, eta plazaratu dituen eleberriak herrialde horietan urteko onenen artean daude”.
Nazioartean euskara eta euskal kulturaren “enbaxadore argia” izategatik eman diote saria ondarrutarrari: “Gure hizkuntza, balioak eta bizimoduak gure mugetatik haratago zabaltzea lortzen duen diplomaziaren adierazgarri dira haren lana eta nortasuna”.
Epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntzaren eta Laboral Kutxako ordezkariekin batera, eta ibilbide sendoa duen Uriberen lanaren “izaera humanista eta irekia” azpimarratu dute: “Umiltasunetik, naturaltasunetik eta sortzeko independentziatik abiatuta, idazlea gai da dimentsiorik intimoena eta kultura-komunitate gisa munduaren aurrean dugun presentziaren inguruko hausnarketa existentzialista uztartzeko”.