Berriatuko Zesta Eskolakoen aldarriagaz hasi dira San Gregorio jaiak
Gaurtik maiatzaren 9ra bitartean Berriatuan jai usaina izango da nagusi. Aurten 38 urte betetzen dituen Berriatuko Zesta Eskolako kideek ilusioz piztu dute txupina, eta zesta-puntaren aldeko aldarrikapena egin dute.
Berriatuko Tarine Udal Musika Eskolako musikariek ondo baino hobeto girotuta eta herritarrez inguratuta jaitsi da Kaxero Gaupasero Berriatura. Herrian zehar kalejira egin eta musikaz baliatuz giro ona bazter guztietara zabaldu ostean, jaietako txupina pizteko ordua heldu da. Aurten Berriatuko Zesta Punta Eskolako puntista gazteak izan dira San Gregorio jaiei hasiera emateko ardura eduki dutenak. Eta egitekoa “ohorez” egin dute.Â
Berriatuko Zesta Eskolak aurten 38 urte betetzen dituela eta bertatik 350 pilotari inguru pasatu direla eta urte horietan guztietan 500 txapelketa gaino gehiago irabazi dituztela azpimarratu dute. “Horregatik eta egindako lan guztiagatik, lasai esan ahal dugu historiako zesta eskolarik onena daukagula Berriatuan”.Â
Herria bizirik mantentzeko zesta eskolak egiten duen lana aipatu eta esan dute aurrerantzean ere herritarren artean euren oinarri diren balioak indartzen jarraituko dutela. “Berriatuaren izena lau haizetara zabaldu dugu Euskal Herri osoan. Zesta eskola bertokoa da, geurea, arbasoena eta datozenena. Denona. Aurrerantzean ere ilusioz jarraituko dugu kirola, kultura, berdintasuna, lagun artea eta laguntasuna indartzen”. Jaiak ondo pasatzeko, eta barre eta dantza egiteko oihu eginez aurtengo sangregorioei hasiera eman diete.




































































