Betiko oinarriak mantenduz dator Ondarroako Antxoa Eguna
Josu Arrizabalaga izango da aurtengo omendua, "egindako ekarpena aitortzeko aukera aparta delako".
Maiatzaren 13an ospatuko den 22. Antxoa Egunerako egun osoko jaia antolatu du Ondarroako Udalak, herriko eragileekin batera, eta “betiko oinarriak mantenduz ospatuko da”: produktua, kultura, herriko eragileak eta gastronomia.
Udalak 405 kilogramo antxoa banatuko ditu; horietatik 275 kilogramo Arranondo, Casa de Galicia, Eskilantxarri, Gau Hontza eta Pixape herriko elkarte gastronomikoek prestatuko dituzte. Antxoa nahieran probatzeko aukera egongo da, hala nola, antxoak pla-pla, antxoa pudinga, antxoa enpanadillak, antxoa-tortilla, antxoa kroketak eta antxoa tenpura.
Ondoren, ohitura den bezala, herriko talde eta eragileek Nasa kaleko postuetan salduko dituzte, euro baten truke: Aurrera Geuria Txirrindu Elkartea, Arnasa Elkartea, Casa de Galicia, Danak Etxea, Arbide, Kantaize Orfeoia, Karenka, Santoña Ameriketa Pala Taldea, Txirrimorraski eta Yaalah. “Gainerako kiloak herriko tabernei banatuko zaizkie, festarekin bat egiteko”.
Omendua. Aurten Josu Arrizabalaga Basterretxea izango da Antxoa Eguneko omendua. “Kultur arloko lantaldearekin berba egin ostean, uste izan dugu Antxoa Egunean Zilarrezko Antxoa ematea lan guzti honi eta herriari eta egungo zein datozen belaunaldiei egindako ekarpena aitortzeko aukera aparta dela” adierazi du Arantza Atxurra Aranguren euskara zinegotziak. Arrizabalagak lan izugarria egin baitu Ondarroako berba eta esaerak batzen eta aztertzen. “Herri ondarea altxor bat dela esaten dugu beti, eta altxor hori webgune batean bildu du Arrizabalagak”.
EGITARAUA
- 12:00. Hiru turrun eta jaiaren hasiera.
- 12:00-14:00. Umeak kozinatzen.
- 12:30. IbilaldiXE abesbatza kalez kale.
- 14:00. Zilarrezko Antxoa ematea Alde Zaharrean.
- 16:00. Estropadak badian.
- 21:30. Erromeria Musika Plazan: Garilak 26.