Ondarroako EAJk salatu du EH Bilduren Udal Gobernuak aurten ez duela osoko bilkurarik deitu
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak esan du osoko bilkurak ez dituztela egin udalean "giza baliabideetako arazoak" egon direlako, eta proiektuak ez gauzatzearen arrazoia ere berdina dela gaineratu du.
Ondarroako jeltzaleak “harrituta” daude. “Udal hauteskundeetarako lau egun falta direnean, Ondarroako Udalaren aurrekontua onartzeko deitu dute osoko bilkura (maiatzak 24). EH Bilduk gehiengo osoa baliatu nahi du aurrekontua onartzeko eta aurtengo ekitaldirako proiektuak iragartzeko”. Gainera, salatu dute maiatzaren 24ko osoko bilkuraren deialdia eta edukia ez zaizkiela udal gobernuaren bidez iritsi, “modu informalean baizik”.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak (EH Bildu) osoko bilkurak ez egin izanaren arrazoia azaldu du: “Osoko bilkurak ez dira egin ez ez ditugulako egin nahi izan, udalean giza baliabideetako arazoak egon direlako baizik. Idazkaria bajan egon da, eta saiatu gara ordezkoa bilatzen, baina ez da posible izan. Eta EAJko kideek hori badakite. Bestela, abendura arte, osoko bilkurak hilero egin ditugu”.
EAJko kideek udalerriko proiektuen berri aurretiaz ez informatzea ere aurpegiratu dio EH Bilduren gobernu taldeari. “Aurten ez da osoko bilkurarik egin, eta ez dakigu 2022ko aurrekontuaren likidazioa zelan egin den eta, ondorioz, zelan gauzatu eta gastatu den. 2023ko aurrekontuari dagokionez, ez daukagu informaziorik ezta dokumentaziorik ere”. Jeltzaleek zehaztu dute osoko bilkuraren data eta aurretik egin behar izaten diren batzordeen datak baino ez dituztela jakiten.
Aurten osoko bilkurarik egin ez denez, Udal Gobernua gutxienez hiru hilerik behin deitzeko “betebeharra urratzen” ari direla diote, “nahiz eta normalena osoko bilkura hilero egitea izan”. Gaineratu dute urtarrilean Udal Gobernuak aurrekontua onartzeko osoko bilkura deitu zuela, baina gero ez zela egin, “espedientea ez zutelako prestatuta”. Bedialaunetak argitu du hori ere ez dela posible izan pertsonal arazoak egon direlako. “Azalpenak osoko bilkuretan ematen ditugu, eta ezin izan ditugunez egin, ezin izan da informazio hori eman”.
Ondarroako EAJ: “Ez da nahikoa aurrekontua aurkeztea, onartzea eta proiektuak prentsan argitaratzea, urtez urte ikusten baitugu proiektuak ez direla gauzazen”
Gainera, talde jeltzaleak kritikatu du gaur egun indarrean dagoen gobernu taldeak ez dituela gauzatuko aurkeztuko dituen proiektuak. “Horiek hautestontzien emaitzetatik aterako denak egingo ditu”. Gogorarazi dute ez dela estreinako aldia EH Bilduk horrelako zerbait egiten duena. “2019ko hauteskundeen bezperan Kamiñazpiko urbanizazioren proiektua aurkeztu zuten, eta oraindik ez da gauzatu”.
Jeltzaleek argi diote: “Ez da nahikoa aurrekontua aurkeztea, onartzea eta proiektuak prentsan argitaratzea, urtez urte ikusten baitugu proiektuak ez direla gauzazen. Hori da EH Bilduren Gobernuaren azken urteetako jokaera eta kudeaketa eredua, gauzatzen ez diren iragarkiena”. Hain zuzen ere, jeltzaleek EH Bilduk aurkeztu dituen baina “gauzatu ez dituen” proiektuen zerrenda bat egin du:
- Kamiñazpi auzoa birgaitzeko plana: “2019ko hauteskundeen atarian aurkeztu zuten. Eta aurrekontuetatik agertu eta desagertu eta gero, garatu gabe dago. Ibaiondoko urbanizazio proiektua lehenengo fasea zen. 2022ko aurrekontuan agertu zen berriro, baina ez da hasi. Kamiñazpirako ezagutzen dugun proiektu bakarra goialdeko igogailuarena da (aurrekontuen arabera iaz hasi eta abendurako amaituta egon behar zen)”. Jeltzaleek esan dute proiektu horretarako aldundiaren 450.000 euroko diru laguntza zegoela. “Espero dugu 2023ko aurrekontuetan diru sail horiek agertzea, bi proiektuak gauzatu ahal izateko”.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO): “2013an hasi zen, aurretiko hiru azterlanekin –ingurumena, sozioekonomikoa eta urbanistikoa–, eta 2015ean jarraitu zuen erredakzio taldearen kontratuagaz, eta 2022an amaituta egon behar zen”. Dena dela, oraindik aurrerapen fasean jarraitzen duela diote. “Iradokizunen eta alternatibetan geldiarazita dago, eta erredakzio talderik gabe (kontratua 2022an amaitu zelako)”. Jeltzaleek diote HAPOgaz aurrera jarraitzeko talde berri bat kontratatu behar dela.
- Errenteriako zubia: Jeltzaleek diote 2022ko eta 2023rako inbertsioen atalean agertzen zela zubia birgaitzea, eta horretarako 250.000 euroko diru saila zegoela zehaztuta. “Ez da exekutatu”.
- Zaldupe futbol zelaia: Aldageletarako milioi bat euro zehaztu zirela diote, eta ez dela exekutatu diote.
- Zaldupe udal kiroldegia: “2022an 20.000 euroko diru saila zegoen aurreikusita, eta 200.000 eurokoa 2023ko inbertsioetarako”. Baina hori ere ez dela exekutatu diote.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak dio proiektuak gauzatu ez izanaren arrazoia ere udalean egon diren giza baliabideetako arazoak direla. “Zazpi urtean bost arkitekto pasatu dira udaletik. Eta horrek dena atzeratu du. Eta EAJkoak horren guztiaren jakitun dira”
EH Bilduren Udal Taldeak “hartutako eta bete ez dituen konpromisoen zerrenda luzea” dela diote jeltzale ondarrutarrek. “Azken aurrekontuetatik paperean bakarrik agertu diren proiektu asko pasatu dira: “Kale Handiko igogailua, Zaldupeko asfaltatze osoa edo eranskinaren zati bat, Augustin Zubikarai plaza, Artabidera igotzeko eskailerak, Txomin Agirre aparkalekuaren bideragarritasuna…”.
Zazpi urtean bost arkitekto. Proiektuak gauzatu ez izanaren arrazoia ere udalean egon diren giza baliabideetako arazoak direla zehaztu du alkateak. “Zazpi urtean bost arkitekto pasatu dira udaletik. Eta horrek dena atzeratu du. Gu saiatu gara pertsonal arazo horiek konpontzen, baina ezin izan dugu. Eta EAJkoak horren guztiaren jakitun dira”.
Ondarroako EAJren ustez, ostera, arazoa da EH Bilduren taldeak onartzen duena gauzatzeko “ahalegin falta” duela. “Ziur aski, eta ohikoa den bezala, beste batzuei egotziko diete haien kudeaketa gabeziaren errua. Eta kudeaketan lidergorik ez dagoenez, udalean ez dago proiekturik, eta dituzten apurrak gauzatzeko zailtasunak eta atzerapenak dituzte”.