Markina-Xemeingo Mendibil tabernak irabazi du VI. Pintxo Bideako sari nagusia
Baserri Eguna ospatu dute gaur [maiatzak 6] Markina-Xemeinen; 32 bildots erre dituzte. IV. Pintxo Bidea lehiaketako sari banaketa ere egin dute, eta esan dute lehiaketak arrakasta eduki duela.
Markina-Xemeingo Baserri Egunak okela usaina herri osora zabaldu du. Guztira 32 bildots erre dituzte, eta txartelak saltzen eta bildotsa banatzen zeudenen berbetan, okela salmenta “martxa onean” joan da; ekintza amaitu denerako bildots guztiak amaitu direla esan dute. Ekoizleen postuak ere egon dira, eta horietan ere jendea ibili da erosketak egiten; 16 ekoizlek parte hartu dute azokan.
Pintxo Bidea lehiaketa. Ospakizunaren baitan, IV. Pintxo Bidea lehiaketaren sari banaketa ere egin dute. Lehiaketa ondokoek antolatuta egon da: Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkartea, Markina-Xemeingo Udala, Etxebarriko Udala eta beste hamabi laguntzaile. Antolatzaileek parte hartzaile kopuru handia azpimarratu dute: hamabi tabernek parte hartu dute lehiaketan (Markina-Xemeingo hamar taberna eta Etxebarriko bi). Lau egunetan 4.600 pintxo saldu direla esan dute.
Lehiaketa “indarra hartzen doala eta gero eta maila altuagoa” dagoela esan dute antolatzaileek. Eta gaineratu dute lehiaketaren helburua dela herriko taberna eta komertzioak sustatzea.
Irabazleak ondokoak izan dira:
- 1. Sari nagusia (Pintxo Onenaren Saria): Markina-Xemeingo Mendibil tabernak irabazi du Aho betez izeneko pintxoagaz. Tabernako arduradunak Hemen be bai merkatari elkarteko komertzioetan gastatzeko 150 euro eta txapela irabazi ditu.
- 2. Saria (0 KM saria): Markina-Xemeingo Ilunpe tabernak irabazi du (75 euroko opari txartela).
- 3. Saria (pintxo onena zein izan den asmatu duena): Fran Rueda herritarrak irabazi du (50 euroko opari txartela).
- 4. Saria (bezeroaren saria): Tere Idoetak irabazi du (50 euroko opari txartela).
Epaimahaia ondokoek osatu dute: Ermuko Gastronomi Elkarteko presidentea, Belaustegi jatetxeko Josu Mugerza sukaldaria eta Ibai-Gane jatetxeko Aitor Maguregi.