Elkarretaratzeak deitu dituzte Yurrita enpresak "lau langile kaleratu" dituela salatzeko
Elkarretaratzeak ELA sindikatuak deitu ditu, eta barikuan [maiatzak 12] egingo da lehenengoa. Azaldu dutenez, lau langileak martxoaren 31n kaleratu zituzten, "inolako azalpenik eman barik".
Enpresako langileen asanbladak eta ELA sindikatuak esan dute Mutrikuko enpresako lau emakumeak kaleratzeko erabakia zuzendaritza taldeak “alde bakarrez” hartutako erabaki bat izan dela. Sindikatuak esan du langileak kaleratzeko Yurritako arduradunek erabilitako moduak “onartezinak” direla: “Inolako argibiderik eman gabe, negoziaziorako ateak itxi dituzte”. Horrez gain, gaineratu dute kaleratzeak “guztiz neurrigabeak” direla, sindikatuaren iritziz enpresaren “martxa ona” delako eta eskualdean duen garrantzia “handia” delako.
Horregatik guztiagatik, langileen asanbladak eta sindikatuko ordezkariek kaleratzeak salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte. Lehenengo elkarretaratzea barikuan [maiatzak 12] enpresaren aurrean egitea adostu dute, 13:30etik 14:10era, Yurritan despidorik ez lelopean. “Zuzendaritzari eskatzen diogu kolektibo prekario hauen egoera konpontzeko eta kaleratze gehiagorik ez egiteko”. Bigarren elkarretaratzea maiatzaren 18an egingo dute, 14:30etik 15:10era, enpresaren aurrean baita ere.