Joanes Goitisolok eta Maddi Marquetek irabazi dute Mutrikuko IX. Triatloia
Amandarri Triatloi Klubeko Haritz Garate Txurruka izan zen bigarrena. Emakumezkoetan, berriz, Saltoki taldeko Marina Etxenike Palacios.
Zapatuan [maiatzak 13] lehiatu zen Talaixa Triatloi Taldeak antolatutako Mutrikuko IX. Triatloia Esprinta, eta Saltoki Trikideak taldeko Maddi Marquet eta Peñota Dental Alusigma taldeko Joanes Goitisolo Otazua gernika-lumotarra izan ziren nagusi. 750 metro igeri, 20 kilometro txirrinduz eta 5 kilometro korrikako proba 1:04:54ko denboran osatu zuen Goitisolok. Marquetek, berriz, 1:17:20ko denboran egin zuen proba.
149 parte hartzailek izena eman zuten proban, eta 129 kirolarik lortu zuten proba osorik amaitzea. Amandarri Triatloi Klubeko Haritz Garate Txurruka lekeitiarrak lortu zuen gizonezkoen kategoriako bigarren postua 1:07:53ko denborarekin, eta Cafes Fornoda Dida kirol taldeko Josu Etxeberria Ruiz de Erentxunek osatu zuen podiuma (1:08:19).
Emakumeen kategorian, berriz, Saltoki taldeko Marina Etxenike Palacios izan zen bigarrena; 1:20:16ko denbora egin zuen. Club Deportivo Bilbao taldeko Virginia Berasategi Lunak osatu zuen podiuma.