Urdaibaik Bizkaiko Trainerilla Txapelketa irabazi du
Ondarroan lehiatu da Bizkaiko finala. Ondarroa Arraun Taldeko arraunlariek bigarren postuak eskuratu dituzte hainbat kategoriatan. Isuntzak maila ona erakutsi du.
Ondarroak Bizkaiko Trainerilla Txapelketako bosgarren jardunaldiko estropadak hartu zituen asteburuan, eta 11:13:87ko denboragaz Urdaibai argi eta garbi nagusitu zen gizonezkoen absolutu kategorian. Kaiku nagusitu zen emakumezkoen absolutu mailan, eta horretan ondarrutarrak bigarren postuan sailkatu ziren, garailearengandik hamabi segundora.
Gizonezkoen artean, garaile bermeotarrengandik hamar segundora Zierbena izan zen bigarren sailkatua. Isuntzak hirugarren postua eskuratu zuen 11.36,50ko denboragaz. Eta etxeko trainerillak laugarren postua eskuratu zuen 11.46,18ko denboragaz. Gizonezkoen gazte mailan, ostera, hurbil ibili zen etxeko taldea; aurreko jardunaldian gertatu bezala, Zierbenagaz lehian aritu zen. Baina oraingoan ondarrutarrek ez zuten lortu lehen postua, Zierbernarengandik hiru segundora heldu ziren ondarrutarrak (12:27,06). Isuntza bosgarren postuan ailegatu zen (12.49,43).
Emakumezkoen kategoria bietan Kaiku izan zen jaun eta jabe. Nagusien mailan 13.40,14ko denboragaz nagusitu ziren, eta bigarren sailkatu ziren ondarrutarrak (13.52,91); hirugarrena Isuntza izan zen (14.01,53). Gazteetan, Kaiku irabazlearen atzeko postuak izan ziren eskualdeko taldeen artean lehia sortu zutenak. Azkenean, bigarren postua eskuratu zuten ondarrutarrek, garailearengandik urrun ibilita (14:44:74), eta Isuntza hirugarrena izan zen (14.45,94).