Lekeitioko EAJk dio “herritarren beharrizan eta arazoei konponbidea ematera” datorrela
Domekan [maiatzak 14] mitina eskaini zuten jeltzaleek. Elixabete Etxanobe, Itxaso Atutxa eta Lea-Artibaiko alkategaiak ere bertan egon ziren.
Oier Zuberogoitia Lekeitioko EAJko alkategaiak argi utzi nahi izan zuen “lanerako prest” joan nahi dutela udalera, eta ez “denbora pasa”. “Gu herritarren beharrizan eta arazoei konponbideak ematera gatoz. Gure konpromisoa argia da, lekeitiar guztien zerbitzura eta Lekeitioren interesen alde biharra egitea baino ez da, inor albo batera utzi gabe”. Horrez gain, Lekeitioko gazteriari “dei berezia” egin nahi izan zion: “Gazteok herri honen etorkizuna garelako bai, baina batez be herri honen oraina gara. Lekeitioko EAJk gazteentzat etorkizun hobeago baterako proiektu bat daukagu, gazteekin batera egindakoa”.
Itxaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko lehendakariak ziurtatu zuen EAJ “betikoa” egiten ari dela: “Gure eskuduntzak defendatzen, Lekeition, Madrilen edo Gasteizen; leku guztietan. Autogobernua eguneroko gauzak dira, jateko gauzak: hezkuntza, errepideak, etxebizitzak, gazteen emantzipazioa…”.