Ekimenez beteta dator 14. Europako Geoparkeen Astea
Euskal Kostaldeko Geoparkeak barikuan [maiatzak 19] abiatuko ditu ekimenak. Mutrikuko Bertso Eskolak antolatuta, 'Zazpi hondartza, zazpi bertso' bisita gidatu "berezia" egingo dute zapatuan [maiatzak 20].
Zientzia, natura eta kultur ondarea hartuko ditu ardatz 14. Europako Geoparkeen Asteak, eta maiatzaren 19tik 28ra bitartean ospatuko da. Egitarau zabala antolatu du Euskal Kostaldeko Unescoren Geoparkeak, eta ekimenak Mutrikun, Deban, Zumaian eta Zestoan egingo dira. Bisita gidatuak, Geotalks emanaldia, ibilaldi interpretatuak eta Zazpi Hondartza, Zazpi Bertso ibilbide berezia eskainiko dituzte.
Ohi modura, Europako 94 geoparkeetan egingo da ospakizuna, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio horien kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburua baitu ekimenak. Euskal Kostaldeko Geoparkeak bi asteburutan banatu ditu hamar ekimenak, eta denak ala denak doakoak izango dira.
Barikuan [maiatzak 19] egingo da lehenengo saioa: Zumaiako Aita Mari Antzokian Geotalks saioa egingo dute, Artearen sustraiak lelopean. Saio berezia izango dela esan dute, eta La cueva Cosquer: una obra maestra en préstamo dokumentala eskainiko dute eta ondoren hitzaldi marraztua egingo da. Hau da, Diego Garate arkeologoak hitzaldia eman bitartean Aritz Pereda ilustratzaileak marrazkiak egingo ditu.
Zapatuan [maiatzak 20], berriz, bi ekimen antolatu dituzte. Batetik, Geoparkeko faunaz eta floraz ikasteko aukera egongo da Sastarrain errekara egingo duten irteeran: Aitor Larrañaga, Ioar de Guzman eta Anais Mitxelena adituekin laginak batzera aterako dira eta, ondoren, Ekainberrin aztertuko dituzte. 30 lagunek parte hartu dezakete eta aurretiaz izena eman behar da. Bestetik, Mutrikuko Bertso Eskolak Zazpi hondartza, zazpi bertso bisita gidatu “berezia” antolatu du. Aldaera artistikoa izango du ekimenak eta Mutrikuko Nautilus Museotik abiatuko da; museoa bisitatu eta zazpi hondartzak itsasotik ezagutuko dituzte. “Bisita euskaraz eta bertsoz girotuta egongo da”. 39 lagunentzako lekua dago, hortaz, Internetez edo Mutrikuko Turismo Bulegoarekin harremanetan jarrita (943 60 33 78) izena eman daiteke.
Domekan [maiatzak 21] Flyscha umeentzat itsasontziz 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako ekimena egingo da. Deba-Zumaia biotopo babestuan egingo den ordubeteko bisita izango da; flyscharen labarrak ikusteko aukera eskaintzen du ekintzak. Izena eman behar da.
Maiatzaren 19tik 21era bitartean Geoparkeko hiru herrietan geologiaren dibulgatzaileen eta zaleen topaketa egingo da
Maiatzeko azken asteburuan egingo dira beste ekimenak. Maiatzaren 26an, Geoparkeak antolatutako marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo da Deban. “Horretan Geoparkearen eremuko Lehen Hezkuntzako 6 eta 12 urte bitarteko ehunka ikaslek parte hartu dute”. Ondoren, Ekain Abentura tailerraz gozatzeko aukera edukiko dute.
Maiatzaren 27an, berriz, bi aukera egongo dira: Mutrikuko Nautilus Museoan ate irekiak doan (11:30eatik 14:30etara eta 17:30eatik 19:30etara) eta Historiaurreko Bailararen irteera interpretatua. Azken hori Geoparkearen Astearen baitan antolatutako ekimen nagusia izango da: Sasiolako begiratokira joan-etorria egingo da eta hainbat adituk parte hartuko dute, tartean, Aranzadi Zientzia elkarteko Xabier Peñalver arkeologoak, Jose Antonio Mujika arkeologoak eta Asier Gomez EHUko paleontologoak. Azkenik, maiatzaren 28an, Zumaia-Deba ibilbideak egiteko aukera egongo da, bi zentzuetan. “Abiapuntura joateko garraio publikoa erabiltzea eskatzen da”.
Geoquedada. Maiatzaren 19tik 21era bitartean Geoparkeko hiru herrietan geologiaren dibulgatzaileen eta zaleen topaketa egingo da. Ekimenak gaur egungo eta etorkizuneko joeren topaketa izateko helburua dauka, baita ezagutza eta geologia arloekin lotutako ekintzen transmisiorako tresna izatea ere. Egingo diren ekimenen berri Euskal Kostaldeko Geoparkearen sare sozialen bidez emango dute.
EGITARAUA
- Barikua [maiatzak 19]
- Artearen sustraiak Geotalks saioa, 19:00etan, Zumaiako Aita Mari Antzokian.
- Zapatua [maiatzak 20]
- Sastarrain errekara irteera, 09:15ean, Zestoako Lauiturrietako garbitokitik.
- Zazpi hondartza, zazpi bertso bisita gidatua, 18:30ean, Mutrikuko Nautilus Museotik abiatuta.
- Domeka [maiatzak 21]
- Flysha umeentzat itsasontziz, 12:30ean. Erreserba egitea beharrezkoa da.
- Maiatzak 26 [barikua]
- Marrazki lehiaketaren sari banaketa, 18:00etan, Debako udaletxeko arkupean.
- Ekain Abentura tailerra, 18:30ean.
- Maiatzak 27 [zapatua]
- Mutrikuko Nautilus Museoa bisitatzeko aukera doan. Ondorengo ordutegian; 11:30etik 14:30era eta 17:30eatik 19:30era.
- Historiaurreko Bailararen bisita gidatu interpretatua, 09:45ean, Debako Anes Arrinda pasealekuan,.
- Maiatzak 28 [domeka]
- Zumaia-Deba bisita gidatua (gaztelaniaz), 10:30ean. Aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da.
- Deba-Zumaia bisita gidatua, 11:30ean. Aurrez erreserba egitea beharrezkoa izango da.
- Maiatzak 19-21. Geoquedada Geologiaren Dibulgaziorako Batzordeak antoltutako topaketak, Mutrikun, Deban eta Zumaian.