Mutriku Natur Taldea: "Parke eolikoen kokapena erabakitzea herrien esku egon beharko luke"
Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak gune eolikoak sortzeko proposatu dituen eremuen artean daude Mutrikuko, Berriatuko eta Markina-Xemeingo eremuak.
Maiatzaren 10ean EAEko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari onespena eman dio Eusko Jaurlaritzak. 57 udalerritako mendiguneak aukeratu dituzte zentral eolikoak ezartzeko, eta tartean dira Mutriku, Berriatua, Markina-Xemein, Muxika eta Morgako guneak. Alegazioak egiteko 45 eguneko epea zabaldu dute.
Mutrikuren kasuan, Arno ondoko eremua aukeratu dute, Berriatuarekin muga egiten duena. Mutriku Natur Taldetik guneen aukeraketaren erabakia herritarren esku geratzeko beharra azpimarratu dute: “Ingurumen aldetik gune oso baliotsuak daude zerrenda horretan. Uste dugu gune baliotsuenak babestu egin behar ditugula. Eolikoak jarri behar direla onartzen dugu, baina non jarri erabakitzea herrien esku egotea beharrezkoa da”.
Mutriku Natur Taldea: “Natur talde bezala gizarteari egia esatea da eskatzen duguna. Energia bukatzen ari da eta egun daramagun kontsumoa sostengaezina da”
Hala ere, amankomunean egin beharreko lanketa bat dela azpimarratu dute, legedia begiratu eta gainontzeko herriekin batera landu beharreko prozesua: “Mutrikukoa ez dugu kasu isolatu bat bezala landu behar, EAEko gainontzeko herriekin batera landu behar den zerbait da”. Biodibertsitatea denona izanik, ikuspuntu orokor batetik erabakiak hartzearen beharra jarri dute erdigunean. Bestela, ondorioak herri txikienek jasango dituztela diote: “5.000 biztanle gara Mutrikun, osoko bilkuran mozioa sartuko dugu udalari defentsa juridikorako diru poltsa bat sortzeko eskatuz. Guk gure arazoak konpondu ahalko ditugu, baina Arabako 100 biztanleko herri txiki batek jasango ditu ondorioak”.
Energia berriztagarria. Parke eolikoak sortzeko beharraren atzean dagoena azaleratu eta kontzientzia sortzearen beharra azpimarratu dute taldetik: “Natur talde bezala gizarteari egia esatea da eskatzen duguna. Energia bukatzen ari da eta egun daramagun kontsumoa sostengaezina da. Urte luzez pilatzen joan den energia 60 urtean gastatu nahi dugu, eta amaitzen denean zer?”. Bizimodu aldaketa behartu baten aurrean egonik, hiru puntu azpimarratu dituzte: kontsumoa murriztea, herriko sareetan produzitzea eta eremuak non egin erabakitzeko aukera. “Petrolioa ez da bukatuko egun batetik bestera, baina ez da izango errentagarria ateratzea. Ateratzen dana ondo erabiltzea izango da gakoa, lehentasunak ezarri behar dira. Irtenbidea badago, elkarlanez aurrera egiterik badago.”