Ondarroa, gazte mailako Euskadiko txapeldun
Ondarroa Arraun Elkarteak Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabazi du.
Ondarruko trainerilla gizonezkoen gazte mailan nagusi izan zen, domekan [maiatzak 21] lehiatutako estropadan; 15.07,23ko denboragaz lortu zuten ondarrutarrek garaipena, Zierbenaren eta Itsasoko Amaren aurretik. Azken bi horiek, hurrenez hurren, 15.14,40ko eta 15.18,69ko denborak egin zituzten. Isuntza Arraun Elkartea zazpigarrena izan zen maila horretan, 15.48,76ko denbora eginda.
Gizonezkoen absolutu mailan, Bermeo Arraun Elkartea gailendu zen, 13.56,38ko denbora egin ondoren. Bigarren postuan Orio sailkatu zen, 14.10,06ko denboragaz; podiuma Hondarribik osatu zuen, 14.10,89koagaz. Isuntza, aldiz, bosgarrena izan zen, 14.22,35eko denboran lanak burutu ostean.
Euskadiko txapelketan, bestalde, ez zen emakumezkoen estropadarik egon, gutxieneko parte hartzaile kopurura ez baitziren iritsi; hain zuzen ere, hiru trainerillak baino ez zuten izena eman.