Hilabete osoko egitarauari amaiera emateko egun osoko jaia antolatu dute zapatuan [maiatzak 27]. Hamaika ekimen egingo dituzte, tartean, argazki ez lehiaketa eta Everesting erronka.
Ondarroako Gaztetxeak 13+20. urteurrena betetzen du, eta horren harira hilabete osoko egitaraua antolatu zuen Ondarroako Gazte Asanbladak; maiatzaren 3an abiatu zituzten ekimenak eta zapatuan [maiatzak 27] izango da azkenengo hitzordua.
Goizean kamisetak jasotzeko aukera egongo da, 10 euroren truke, eta ondoren argazki ez lehiaketarekin eta umeen txokoarekin hasiko dira. Argazki ez lehiaketaren gaia gazteak izango dira, eta ondorengo oinarriak ezarri dituzte: norberak ateratakoa izatea eta zerbait laranja agertzea. 12:00etarako inprimatuta eraman beharko da argazkia Gaztetxera, eta parte hartzaile bakoitzeko argazki bakarra onartuko da. “Parte hartzaile bakoitzak sari bat ekarri beharko du”.
Eguerdian bertso bazkaria egingo dute, Garazi Navarro, Aitor Bizkarra eta Xabier Silveira bertsolariekin batera. “Tikeak erosteko aukera dago Anaitasuna tabernan”. Arratsaldean, jai giroan murgilduko dira eta karropoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. Gauean, berriz, Eire eta Kosmai Kosin taldeak igoko dira oholtzara.
Everesting. Zapatuan egun osoko ekimena eramango dute aurrera: Aurrera Mendi Taldeagaz batera antolatutako Everesting erronka “Bi urteurren garrantzitsu ospatzen dugu: alde batetik Gaztetxe berriaren 20. urteurrena eta Tontorramendiko igoera bertikalaren 10. urteurrena”. Aurrera Mendi Taldeko kideen artean erreleboka Everesten altuera gainditzea izango da erronka, Tontorramendira 23 aldiz igota: Tontorramendik 386 metroko desnibel positiboa dauka, hortaz, 23 igoera egin behar dira Everestek dituen 8.848 metroko langa gainditzeko.
45 minutuko bataz bestekoa ezarri dute igoera eta jaitsiera burutzeko, horrela, guztira 17 ordu eta 15 minutu beharko dituzte erronka betetzeko. “Tartean, hiru igoera jendetsu egingo dira, erritmo lasaiago batean, parte hartze handiagoa izateko asmoz”. Erronka 04:00etan abiatuko dute Gaztetxetik, ibilbidea markatuta egongo da eta Orkatzan bidetik egin beharko da. Azken igoera, 21:00etan izango da.
Igoera bateratuak hiru izango dira: 10:00etan, 16:00etan eta 21:00etan. Igoera hauetan 45 minutu egongo dira tontorrera ailegatzeko eta 15 minutu, berriz, jaitsiera egiteko: “Testigua eramango duen taldeko ordezkariak egingo du beheranzko ibilbidea korrika”.
EGITARAUA
- 04.00. Everesting erronka hasi.
- 11.30. Kamisetak jaso (10 euro).
- 12.00. Argazki ez lehiaketa eta umeen txokoa.
- 14.30. Bertso bazkaria. Tiketak Anaitan: 5 euro.
- 18.00. Karropoteoa jolasekin.
- 21.00. Everestingeko azkenengo igoera.
- 22.00. Denok Gaztetxera.
- 23.00. Kontzertuak: Eire eta Kosmai Kosin.