Oinezkoen eta gidarien segurtasuna ardatz izango dute obrek, eta lizitazio proposamenak ekainaren 9ra arte aurkeztu ahalko dira.
Berrituko erdigunean irisgarritasun eta segurtasun obrak egingo dituzte. Hirigintzako obra proiektu horren ardatz nagusi biak, Berriatuko alkate Jon Arriolak azaldu duenaren arabera, ondorengoak dira: “Batetik, herrigunean oinezkoentzako espaloiak zabalduko dira; bestetik, gidariek zein oinezkoek herritik errepiderako irteera seguruago topatzea bilatuko da”.
Arriolak azaldu du plazatik errepide nagusira doan Zeharbide kalean ikusgarritasuna handiagotuko dutela: “Ikusi dugu errepidera dauden sarrera biak puntu beltz bihurtu izan direla, ikusgarritasun aldetik duten arriskuagatik. Beraz, kale horretan autobus geltokia lekualdatu egingo da, espaloiak zabaldu egingo dira, eta semaforoak ere modu estrategikoan ipiniko dira”. Semaforoen kokaleku berriagaz, errepidetik igarotzen diren autoak gelditu egin beharko dira, Zeharbide kaletik ateratzen direnak gelditzeko.
Obren lizitazioa egiteko, enpresen proposamenak jasotzeko epea ekainaren 9ra bitartean zabalik dagoela azaldu du Arriolak, eta lizitazioa hilabete horretako 17a orduko egingo dutela. Lanak, ostera, hurrengo lau hilabeteetan egingo lituzkete. Obren kostuari dagokionez, 200.000 euro ingurukoa da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren esku hartzeagaz, biribilgune bat egingo da Markina-Xemeindik Berriatura sarreran
Hurrengo egitasmoa. Bestalde, herriguneko obrak etorkizunera begira gauzatuko dituzten beste lan batzuen aurrekari izango direla iragarri du Arriolak: “Behin obra horiek amaituta, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku hartzeagaz, Markina-Xemeindik Berriatura sarreran biribilgune bat eraikiko da. Hori ere segurtasunaren bidean beste urrats bat izango da; 6.000 auto inguru pasatzen dira herritik egunero-egunero, eta segurtasuna behin eta berriro eguneratu beharreko auzia da”.