Agur hunkigarria eskaini du mutrikuarrak, Jokin Aperribai presidentearekin batera eskaini duen prentsaurrekoan. Etorkizunari buruz ez du ezer zehaztu, baina ateak irekita dituela adierazi du.
Asier Illarramendi mutrikuarrak ez du Realean jarraituko. Txuri urdinen kapitainari ekainen amaituko zaio kontratua, eta ez du berrituko. Hitz ederrak eskaini dizkio taldeari, kideei, zein familiari: “Gaurkoa ez da egun erraza… inoiz ez da erreza agur esatea maite duzun horri. Asko kostatu zaidan arren eta bihotzean mina ematen didan arren hartutako erabakia, pentsatzen dut momentu egokia dela albo batera pausu bat eman eta gazteei bidea uzteko”.
Realeko ibilbideari agur esan dio mutrikuarrak, baina etorkizunari begira datorrenaren aurrean ateak irekita dituela adierazi du: “Futbolean jarraitzeko gogoz eta ilusioz nago. Fisikoki ondo nago. Hortaz, hemendik aurrera ez dakit zer gertatuko den”.
Ibilbidea. Hamaika urterekin iritsi zen Realera, eta kategoria guztietatik igaro ondoren lehen taldera ailegatu zen: 2010ean egin zuen debuta. 2012-2013 denboraldia amaitzean Real Madrilek fitxatu zuen. Bi urteren ostean Realera itzuli zen. Guztira 251 partida jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin.