Herrialde ezberdinetako sukaldaritza ikastaroak antolatu dituzte Berriatuan, herritarren arteko saretzea sustatzeko.
Berriatuko Udalak, Herri Hezitzailea erakundeagaz elkarlanean, “urrats bat gehiago” egingo du aniztasunerako eta herritarren arteko auzolanerako bidean. Azaldu dutenez, maiatzaren 31 eta ekainaren 14a bitartean Anaitasuna elkartean egingo dituzten sukaldaritza ikastaroetako elementurik garrantzitsuena ez da “sukaldaritza bera” izango, horrek “errepresentatzen dituen baloreak baizik”. Estreinakoz egingo dute Berriatuan sukaldaritza tailer hori; izen ematea doakoa da, udaletxean bertan egin behar da, eta bihar amaituko da, 15:00etan.
Udaletik aurreratu dute ikastaroaren jomuga nagusia ez dela izango sukaldaritza ikastea: “Jomuga modura baino, bitarteko legez ulertzen dugu sukaldaritza; helmuga herritarren arteko komunikazioa sustatzea izango da, elkarrekin egon ahal izateko espazio atsegin eta seguru batean”.
Hiru egunetan banatu dute egitasmoa, eta egun bakoitzean gastronomia eredu jakin bati egingo diote keinu, “loturak sortzeko eta jakintza partekatzeko asmoz”. Maiatzaren 31n Euskal Herriko eta tokiko gastronomia landuko dute. Ekainaren 7an, berriz, Senegalgoaren ingurukoak jorratuko dituzte: “Bertako jende ugari dago Berriatuan; atzerritik etorritako gehienak senegaldarrak dira”. Ekainaren 14an, azkenengo jardunaldian, Argentinako sukaldaritza izango da nagusi.
Herritarren inplikazioa. Udalerrian erroldatutako 25 herritar inguruk parte hartu ahalko dute ekimenean; antolatzaileek, bestalde, argitu dute parte hartzaileen “erdia” jaiotzaz berriatuarrak izan beharko dela, eta beste erdia, ostera, herrira atzerritik etorritakoa. Zentzu horretan, gainera, herritarrek “interes handia” erakutsi dutela adierazi dute: “Plaza asko, dagoeneko, beteta daude; polita da ikustea herritarrak zelan inplikatzen diren tankera horrelako egitasmoetan”.
Udazkenean beste saio bat egiteko aukera ikusi dute antolatzaileek, beste gastronomia eredu batzuk landuz
Beste alde batetik, udaletik azaldu dute eskuragarri dauden plazak baino jende gehiagok interesa agertuz gero, udazkenean egitasmoa errepikatu egingo dutela, “beste gastronomia eredu batzuetan zentratuz”. Bigarren txanda horretarako itxaron zerrendako lehen postuetara igaroko lirateke udaberrikoan tokirik eduki ez dutenak.