Traineru onenak bilduko dira Mutrikuko Banderan
22. Mutrikuko Udalaren Bandera larunbatean [maiatzak 27] lehiatuko dute, 17:00etatik aurrera. Portuko lanen ondorioz, estropada eremuan aldaketa bat egin behar izan dute.
Bandera lortzeko lehian, iazko hamasei traineruak ariko dira zein baino zein gehiago: Mutriku, Ondarroa, Isuntza, Busturialdea, Lapurdi, Hondarribia, San Juan, San Pedro, Hibaika, Donostiarra, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Arkote eta Zierbena. “Aurreko urtean etorri zirenak hartzen ditugu kontutan; haiei ematen zaie gonbidapena lehenengo, eta aukera baldin badago beste batzuei. Iaz etorri ziren denek eman dute baiezkoa”, azaldu du Mikel Marizkurrena udaleko kirol teknikariak.
16:00etan ordezkarien bileran egingo dute kaleen zozketa. Lehenengo txandan, binaka eta minutu bateko tarteagaz aterako dira Mutriku, Hibaika, Busturialdea, Lapurdi, Zarautz, Zumaia, Arkote, Sanpedrotarra, Isuntza eta Donibane Koxtape.
Bigarrenean, berriz, Ondarroaren, Getariaren eta Zierbenaren arteko lehia egongo da, eta Oriok, Hondarribiak eta Donostiarrak osatuko dute hirugarren txanda (iaz Donostiarrak lortu zuen garaipena).
Hamasei traineruk lehiatuko dute 22. Mutrikuko Udalaren Bandera
Portuko lanen ondorioz, estropada eremuan aldaketa bat egin behar izan dute: “Dikearen obrak direla eta, danborretik bota behar izan dugu epaileen marra, eta, ondorioz, hiru balizatara izango da. Lehenengo KAE 1 eta 2koak joango dira erlojupekoan, eta azkenengo bi txandetan TKE Ligakoak. Isuntza utzi behar izan dugu erlojupekoan, txanda bakoitza hiru balizakoa delako, eta TKEko zazpi traineru dauzkagunez, ranking-agatik zazpigarren geratu da Isuntza, eta horregatik, erlojupekoan izango da. Gero, TKEko beste seirak hiru kaletan aterako dira, bi txandatan”.
Proba esanguratsua da Mutrikukoa, eta datozen hitzorduetara begira, taldeei euren maila zein gainontzekoena neurtzeko oso baliagarria izango zaie. Hain zuzen ere, ekainaren lehen asteburuan Gipuzkoako eta Bizkaiko trainerilla txapelketak lehiatuko dituzte, Zarautzen eta Lekeition, hurrenez hurren. Eta bigarren asteburuan Euskadiko Trainerilla Txapelketa egongo da jokoan, Ondarroan.
Ikuskizuna, beraz, ziurtatuta egongo da, eta udaletik estropada ikustera hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute: “Herri guztia gonbidatuta dago. Gipuzkoako talde onenak eta TKEko zazpi traineru egongo dira, Bermeo eta galiziarrak izan ezik, beste guztiak. Talde onenak ikusteko ezinbesteko aukera da. Ikuskizuna paregabea izango da, gutxitan ematen dena”.