Koalizio abertzaleak 8.108 boto eskuratu ditu, eta EAJ 6.568 (1.540 boto gutxiago). HITZAren eremuan abstentzioa %30,28koa izan da (2019an baino 6,03 puntu altuagoa). Mutrikun 315 botoko aldea egon da EH Bildu eta EAJren artean. Ondarroan 130 botoko aldea, eta Markina-Xemeinen 94 botokoa.
Goizeko lehen ordutik 14:00ak bitartean, Lea-Artibaiko ia herri gehienetan eta Mutrikun jendearen joan-etorria nabarmena izan da. Ondarroan hautesle batzuek ez dute argi eduki non bozkatu behar zuten, eta Mutrikun osasun etxe zaharreko igogailua matxuratu da; bi herritar barruan geratu dira harrapatuta.