Munitibarko udaletxe atzeko aparkalekuko zati batek behera egin du
Domeka iluntzean [maiatzak 28] gertatu zen, eta lurzoru erorketaren ondorioz auto bat kaltetu zen.
Munitibarko Udaletik azaldu dutenez, plazan zeuden herritarrak konturatu ziren lur erorketaz. 21:00ak orduko, auto bat itxura “arraroan” aparkatuta zegoela konturatu ziren eta, aparkalekura hurreratuta, ezbeharraren berri eduki zuten. Suhiltzaileak bertaratu eta aparkalekua hustu eta ingurua hesitu zuten. Horrez gain, herriko eskolako jantokiak eremu horretara ematen duenez, hori ere zarratu egin dute, haurren babesa bermatzeko; jantoki zerbitzua, arazoa konpondu bitartean, aterpetxean emango dute.
Udal ordezkariek argitu dute aparkaleku azpitik ubide bat pasatzen dela, eta azpiko espazioa lur betegarriz osatuta dagoela. Azaldu dute urteen poderioz ura material betegarri hori hartzen joan dela eta, ondorioz, ez zegoela gainean aparkatutako autoen pisuari eusteko prest. Edozelan ere, auto bakarrari eragin dio erorketak; “zorionez, ezusteko batean geratu da”.