Zafrak eta Aitorrek irabazi dute Mutrikuko XII. Piker Memoriala pala txapelketa
Andres 'Xurdo'-ri omenaldi “hunkigarria” egin zioten zapatuan [maiatzak 27]. Hurrengo txapelketak omenduaren izena eramango du.
Amaitu da Mutrikuko XII. Piker Memoriala pala txapelketa. Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Elkarteak txapelketaren balorazio “oso positiboa” egin du: “Mutrikuko eta inguruko 15 bikotek eman zuten izena, inoiz baino gehiagok, eta otsailean hasi ginenez txapelketa pixka bat luzatu bada ere, oso pozik gaude emaitzagaz. Azkenean, gure helburu nagusia Mutrikun pala zabaltzea besterik ez da”.
Zapatuan [maiatzak 27] jokatu zuten final handia, eta antolatzaileek esan dutenez, jende asko elkartu zen frontoian. Lehenengo hirugarren eta laugarren posturako partida lehiatu zuten. Paredesek eta Hodeik 25-21 irabazi zieten Aniseto eta Joneri partida “gogor” baten ostean. Zaila bazen ere, final handia are berdinduagoa egon zen; nor baino nor gehiago aritu ziren Olano eta Iago Zafra eta Aitorren aurka. “Finalean ez zegoen faborito argirik, eta hori markagailuan ikusi zen. Hasiberriak eta beteranoak zeuden nahastuta eta partida polita eskaini zuten”. Olano eta Iago 24-21 aurreratu ziren, baina ez zuten jakin partida ixten. Eta aurkariek azken tantoetako hutsak eta urduritasunak baliatu zituzten partida iraultzeko eta txapela janzteko: 24-25.
Hunkigarria. Sari banaketan Andres Xurdo-ri omenaldia egin zion Danok Bat Pelotazale Elkarteak eta Mutrikuko herriak. Bere amari lore sorta eta xafla bana eman zioten. Omenaldia “hunkigarria” izan zen: “Xurdo betidanik aritu da palan Mutrikun ,eta beti egon da edozertan laguntzeko prest. Horregatik, omenaldi gisa, datorren urtetik aurrera txapelketaren izena Xurdo memoriala izango da”.