Kamiñazpiko jaiak: 400 lagunetik gora batuko dira paella janean
Barikuan eta zapatuan [ekainak 2-3] ospatuko dira Ondarroako Kamiñazpi auzoko jaiak. Pala txapelketarako 16 bikotek izena eman dute, eta 13 taldek playback lehiaketarako.
Barikuan [ekainak 2] emango diote hasiera Kamiñazpiko Jaiei, eta urteroko formula berdinagaz bueltatuko dira: paellada, pala txapelketa, playback lehiaketa eta musika. Izen emate datuei erreparatuz gero, argi ikusi daiteke jendetsuak izango direla, herritarrek gogoz hartu baitituzte Ondarroako auzoko jaiak.
18:00etan emango diote hasiera jaiei, txupinazoa eta txosnaren irekieragaz, eta eskualdeko musika taldeen eskutik datorren pop rock saioagaz jai giroa pizten joango da; Bermeo, Mendaro eta Berriatuko musika eskoletako kideak egongo dira. Ondoren, jaien berezitasun izan ohi den hitzordua ailegatuko da: playback lehiaketa. Karpa bete jende batzen da urtero gazteenak dantzatzen ikusteko: 13 taldek izena eman dute. Ondoren, musikaren unea izango da, eta Mutrikuko Errietan taldekoen esku egongo da jai giroari eustea.
Zapatuan [ekainak 3], egun osoko egitarauari helduko diote. Goizean jokatuko den pala txapelketarako hamasei bikotek izena eman dute, hori baita antolatzaileek ezarritako parte hartzaile muga. Eguerdian, berriz, jan edanaren unea izango da, Kamiñazpiko parkean karpa prest edukita, azken urteetako abiadura berdinean doaz izen emateak; gaur gaurkoz, 402 lagunek izena eman dute paella janerako. Hortaz, zapatu eguerdiko giroa baieztatuta egongo da. Arratsaldetik aurrera festa giroan murgiltzeko aukera edukiko dute hurbiltzen direnek.
EGITARAUA
- Ekainak 2, barikua
- 18.00. Txupinazoa eta txosna irekiera.
- 20.00. Pop rock saioa: Ondarroa, Bermeo, Mendaro eta Berriatuko Musika eskolen eskutik.
- 22.00. Play back lehiaketa.
- 23.30. Erromeria: Errietan
- Ondoren. DJ saioa: Purito, Motro eta Koldo Loira.
- Ekainak 3, zapatua
- 10.00. Kamiñazpiko 17. Pala txapelketa
- 11.00. Umeentzako txirrindu ginkana, Aurrera Txirrindu elkartearen eskutik. Herri kirola eta aurpegia margotzea.
- 11.00. Trikitilariak auzoan zehar.
- 11.30-14.30. Puzgarriak.
- 13.00. Paella prestatzen hasi.
- 15.00. Bazkaria
- 17.00. Poniak umeentzako, frontoian.
- 18.00. Zinea umeentzat: OLEEren eskutik, Ibaiondoko etxeetako tunelean.
- 18.00. Abdela music.
- 18.30-20.30. Umeentzako puzgarriak.
- 22.00. Shibari
- 23.30. Los zopilotes txirriaos
- Ondoren. DJ Juseff
- 06.00. Zaparradarekin batera… denok etxera!
Iazko jaietako argazki galeria: