Mutrikuko EH Bilduk eskerrak eman dizkie herritarrei
Hauteskundeak irabazi ondoren herriak alderdiarengan edukitako konfiantzari heldu nahi diotela adierazi dute; boto galerak hausnarketa eskatuko diela gaineratu dute.
Mutrikuko EH Bilduk “pertsonak, eguneroko bizimodua eta etorkizuna” ezarri ditu erdigunean. Maiatzaren 28ko hauteskundeen balorazio positiboa egin dute eta mutrikuarrei eskerrak eman dizkiete: “Mutrikuarrei eskerrak eman nahi dizkiegu emandako babesarengatik eta konfiantzarengatik”.
EH Bildurena izan zen zerrenda bozkatuena eta berria “ontzat” jotzen dutela adierazi duten arren, boto galeraren aurreko ardura erdigunean ezarri dute: “Aurtengoan boto galera edukitzeak hausnarketa sakonagoa eskatuko badigu ere, herriak azken lau urteetan egindakoa ontzat eman duela uste dugu, eta aurretik ditugun lau urteetan udala gidatzeko konfiantza eman digu”.
Bigarren agintaldia da jarraian egingo dutena, eta horrek ardura handia eskatuko diela esan dute. “Ardurari heldu egingo diogu, eta herriarentzako etorkizuna prestatzen eta gauzatzen jarraituko dugu, herritarrak, mutrikuarrak ardatz hartuta”.
Hurrengo urteetarako hiru ildo nagusi zehaztu dituzte: pertsonak, eguneroko bizimodua eta etorkizunaren prestakuntza. “Hiru ardatzetan mutrikuarrak izango ditugu gogoan. Lehenik, mutrikuarrik atzean ez geratzeko bideak aztertu, landu eta erabakiko ditugu; bigarrenik, mutrikuarrentzat eguneroko bizimodua erosoagoa eta bizigarriagoa izan dadin neurriak hartzen jarraituko dugu, zaharrak zuzenduz eta egokituz eta berriak pentsatuz. Hirugarrenik, mutrikuarrekin pentsatu eta erabakiko dugu herritarrok nahi dugun etorkizuneko herria”.
Herritarrak erdigunean. Aurretik egiteko duten bidean “lagunak” beharko dituztela zehaztu dute, eta horretarako herritarren ekarpenak jasoko dituztela: “Guztia herritarrekin eta herritarrentzat egingo dugu, eta aurretik dugun bidean bidelagunak beharko ditugula jakinda, bidelagunak herrian bilatuko ditugu lehendabizi, eta herritik kanpo ondoren. Herrirako egoki diren ekarpen guztiak jaso eta aztergai hartuko ditugu, bai udalean bai udalerrian”.