Mutrikuko Madalen auzoan sanjoanak ospatzeko laguntza eskatu dute
Crowfounding kanpaina bat abiatu dute San Joan jaietako egitaraua osatzeko; antzerkia eta umeentzako ikuskizunak egongo dira aukeran.
Mutrikuko Madalen auzoan San Joan suak egin ohi dituzte azken urteetan, eta horrekin batera hitzordu ukaezina bilakatu den antzerkia. Aurten, San Joan gaua barikua izanik, pauso bat haratago joan eta egitarau osatuago bat antolatuz, San Joan jaiak ospatzeko ahalegina egin nahi dute auzotarrek. Horretarako crowfrounding kanpaina bat abiatu dute.
Jaietako egitaraua osatzeko asmoz, haurrei zuzendutako hainbat ekintza ari dira lotzen, horrela, ohiko sua eta antzerkiaz gain, berritasunak eduki ahal izateko: “Gaur gaurkoz baieztapenak jasotzeko zain gauden arren, sorpresak egongo dira eta arratsaldetik hasiko dira ekimenak”. Horrez gain, seigarren urtez egingo duten antzerkia indartu egingo dute. Ekoizpen lanketa handiago bat eskatzen duen obra eta pertsonaia berriak edukiko dituena: “Orain arte egin izan dugun antzerkiak Akerbeltz, Mari eta sorginak biltzen zituen… Baina aurten euskal mitologiako pertsonaia berriak sartu ditugu. Horrez gain, ekoizpen lanketa handiago bat egiten gabiltza, efektu bereziak eta ekoizpen berritzailea izango duelarik”.
Herriko jostunek jantziteriaren ardura hartu dute, eta auzotarrak lanean ari dira guztia ondo antolatzeko, baina diru iturriak behar dituzte ekoizpena aurrera eramateko. Horretarako, udalaren laguntza jaso dute, baina herritarrei ere laguntza eskatu diete: “Herritarrei beraien laguntza behar dugula esan nahi diegu, bakoitzak ahal duen ekarpena eginez. Horretarako antolatu dugu kanpaina, ekimenak aurrera eraman ahal izateko”. Gaur gaurkoz 300 euro bildu dituzte, eta 1.500 euroko helburua ezarri dute. Kontu korronte bat jarri dute eskuragarri, ekarpenak egin nahi dutenentzat: ES76 0081 4245 1600 0113 1419.