Ondarroa Arraun Elkartea eta Nanokide Therapeutics enpresa, elkarlanean minbiziaren aurka
Iker Badiola irakasle eta ikertzaile ondarrutarra da Nanokide Therapeutics enpresaren arduradun nagusia. "Gizartearen onura" helburu, arraun elkarteak enpresaren ekintza soziala bultzatuko du.
Ondarroa Arraun Elkartea ordezkatzen duen Antiguako Ama traineruak Nanokide Therapeutics enpresaren iragarkia eramango du aurten traineruan. Nanokideko ordezkariek esan dutenez, Ondarroako arraun elkarteak musu truk eramango du enpresaren iragarkia, “gizarte ekintza” bultzatzeko. Hala, bi aldeek indarrak batu eta minbiziaren aurka egiteko konpromisoa agertu dute. “Nanokide Therapeuticsen helburu nagusiak osagai sozial oso garrantzitsua dauka. Gaur egun jasaten dugun gaixotasun baten aurkako terapia bat aurrera ateratzea gizartearen hobe beharrez egiten den ekimena bat da”, esan dute Ondarroa Arraun Elkarteko kideek.
Arraun elkartean egiten duten lana “ekintza soziala” dela diote Nanokidekoek. “Bertako agintariak borondatez lan egiten duten herritarrak dira, eta beti edukitzen dute ardatz moduan gizarte ekintza. Arraun elkartean egiten duten lana ekintza sozial bat da eta Nanokide Therapeuticsen helburua eta jarduna ere horrela ikusten dute”. Izan ere, Nanokide Therapeutics Euskal Herriko Unibertsitateko Signaling Lab taldeko minibizi ataletik sortutako enpresa bioteknologikoa da. Eta horren sortzaileak dira Iker Badiola eta Maitane Duarte ikertzailea.
2019an Signaling Lab taldeak saguetan gibeleko metastasiaren aurkako tratamendu esperimental bat garatu zuen. Patentea lortu zuten eta hainbat saiakera egin zituzten hori merkaturatzeko. “Baina unibertsitateko ikerketa talde batek dituen gabeziak direla eta, enpresa farmazeutikoek eskatzen zituzten froga gehigarriak egiteko eta balizko botikaren merkaturatzea lantzeko enpresa bat sortzea erabaki genuen”, azaldu du Badiolak. Hala, 2021ean Nanokide Therapeutics jaio zen.
Badiola ondarrutarra izateak ere bere garrantzia eduki duela esan dute. “Arraun elkartekoak Ondarroako herriaren izena ordezkatzen duen elkarte baten arduradun diren heinean, herritar batek sortutako ekimen bat bultzatzeko ideia interesagarria zela iruditu zitzaien”
Enpresaren helburu nagusia 1,2 milioi euro lortzea da. Diru horrekin, tratamendua gizakietan frogatu aurretik botiken merkaturatzea arautzen duten agentzia erregulatzaileek eskatzen dituzten frogak egin ahalko lituzkete eta gizakietan probatzeko baimena lortuko lukete.
Proiektuaren ekintzaileetako bat ondarrutarra izateak ere bere garrantzia eduki duela esan dute. “Arraun elkartekoak Ondarroako herriaren izena ordezkatzen duen elkarte baten arduradun diren heinean, herritar batek sortutako ekimen bat bultzatzeko ideia interesagarria zela iruditu zitzaien”. Hala, Nanokide Therapeuticsen balizko arrakasta “gizartearen onurarako” izango dela eta denek irabaziko dutela diote.
Badiolak esan du Ondarroako Arraun Elkartearen proposamena jaso zuenetik “arduraz eta esker onez” dagoela. “Ohore bat da Ondarroa ordezkatzen duen talde batek gure izena eramatea. Pertsonalki, poz handiz hartzen dut herrikideen laguntza”.