Urdaibai nagusitu da Lekeitioko Banderan
Gizonezkoen artean, Ondarroa eta Isuntza estropada laugarren eta bosgarren izan dira, hurrenez hurren. Emakumezkoen artean, ondarrutarrek seigarren amaitu dute estropada.
Bermeo-Urdaibai Arraun Taldea izan da estropada aurredenboraldian sentsaziorik eta irudirik lehiakorrenak erakutsi dituen arraun kluba. Domekan [ekainak 11], Ondarroako uretan, Euskadiko Traineru Txapelketan nagusi agertu ziren arren, bermeotarrek bezperan [ekainak 10] Lekeitioko Banderan garaipen paregabea poltsikoratu zuten. Garaipen horrek, gainera, biharamuneko txapelketan nagusi agertzeko motibazioz hornitu zuen Bermeoko eskifaia, eta udara begira beraien hautagaitza plazaratzeko ere bai.
Gizonezkoen estropadaren 44. ekitaldiak gutxi eduki zuen ezustekotik. Urdaibai zen irteeran hautagai nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Iker Zabalaren eta Gorka Aranberriren arraunlariek 20.17ko denbora behar izan zuten estropada borobiltzeko. Bigarren postuan iazko denboraldiko errebelazioetako bat, Getaria, helmugaratu zen; edozelan ere gipuzkoarren hamabi segundoko atzerapena izan zuten. Hirugarren postuan, segundo bat gehiagora, Pasai San Pedro iritsi zen; estropada bikaina egin zuen, izen handiko aurkarien aurretik amaituz.
Ostean jailegatu ziren, hain zuzen ere, euren artean lehia estua eduki zuten Ondarroa (20:41), Isuntza (20.42), Santurtzi (20.44) eta Lapurdi (20.49). Mutrikuri dagokionez, sailkapeneko azkena izan zen, 22.14ko denboragaz.
Hibaika, boteretsu. Sorpresa izan zen emakumezkoen estropadaren XII. ekitaldiko gidalerro nagusia. Izan ere, Hibaikak Kaiku hautagaiari aurrea hartu zion, proba bereganatuz. Garaileak 11.18ko denboran burutu zuen lehiaketa, eta Kaikukoek, ostera, 11.21ean. Podiuma Zarautzek osatu zuen, 11.22koagaz. Ondarroako arraunlariak seigarren postuan sailkatu ziren, 11.41eko denbora eginda.