Zapato Azulera begira indarkeria matxista prebenitzeko lanketa saioak antolatu dituzte
Kamiseta Azokan izena emateko epea ekainaren 18an bukatuko da.
Uztailaren 1ean ospatuko den Ondarroako Zapato Azulari begira, indarkeria matxista prebenitzeko lanketa prozesua jarri du martxan Ondarroako Udalaren Berdintasun sailak; ekainaren 21ean, 09:00etan, Etxelilan egingo da lan saioa eta hurbiltzeko deia egin dute. “Aurreko urtean landutako proposamenean sakontzeko asmoa dugu; besteak beste, lan saioak aurreikusten ditugu, tabernariekin zein herriko kolektibo ezberdinekin, baita txosna gunearekin ere” zehaztu du Irina Alkorta Bedialauneta berdintasun zinegotziak.
Saioa herriko eragile eta tabernariei zuzenduta egongo da, eta helburu nagusiak zehaztu dituzte. Batetik, jaiei begira, eraso matxistei aurre egiteko, herriko eragile, elkarte eta taberna desberdinen arteko protokolo bateratua adostea. Eta bestetik, indarkeria matxisten arreta zerbitzuaren gaineko informazioa ematea.
Saioan parte hartu nahi dutenek eurretiaz izena eman behar dute, hortaz, ekainaren 15a izango da horretarako azkenengo eguna. “Tabernaren izena eta parte hartu nahi duten pertsona kopuruarekin mezu bat bidali”. Bi bide daude izena emateko etxelila@ondarroa.eus posta elektronikora mezua idatzita edo 664 547 367 telefono zenbakira mezua idatzita.
Kamiseta Azoka. Bestalde Zapato Azuleko Euskal Herriko 24. Kamiseta Azokan parte hartzeko epea zabaldu dute, eta ekainaren 18a izango da izena emateko azkenengo eguna. Egunean bertan, 11:00etatik 15:00etara egongo dira erakusmahaiak zabalik. “Erakusmahaiak geuk jartzen ditugu. Partaide bakoitzak bere lekua txukuntzeko oihalak ekarri ditzake”. Horrez gain, aurkezten diren kamiseten artean Euskal Herriko eta Ondarroako kamiseta hoberenen sariak aukeratzen idra. Sariak Azokako partaideek emandako botoekin aukeratzen dira. “Sariak sinbolikoak dira, ziurtagiri bat eta marmolezko bolo txiki bat”
Zalantzaren bat izanez gero luterl@outlook.com posta elektronikora edo 685 76 97 83 telefono zenbakira idatzi daiteke.