Eusko Label eta Euskotren ligak aurkeztu dituzte
Euskalduna Jauregian egindako aurkezpenean izan ziren arraun taldeetako ordezkari ugari, tartean Ondarroa eta Lekeitioko arraunlariak.
Traineru Kluben Elkarteak uztailaren 1ean A Coruñan (Galizia) hasiko den arraun denboraldiaren aurkezpena egin zuen zapatuan [ekainak 17] Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan izan ziren arraun taldeetako ordezkari ugari, tartean Ondarroa eta Lekeitioko arraunlariak.
Zapatuko aurkezpenean egungo txapeldunek jatorrizko garaikurrak entregatu ziutuzten, eta garaikurren erreplikak jaso zituzten. Hala, Urdaibaiko arraunlariek CaixaBank Koroaren erreplika jaso zuten, Estibaliz Areitio CaixaBankeko Negozio Arloko zuzendariaren eskutik. Orioko arraunlariek, berriz, Euskotreneko Zuzendari Nagusi Javier Seoaneren eskutik jaso zuten Euskotren Garaikurraren erreplika.
Euskotren Ligaren 15. edizioa jokatuko da aurten, eta zortzi emakumezko partaide izango ditu; denetara, 16 jardunaldi jokatuko dituzte, horietatik lau Galiziako uretan.
Eusko Label Ligako lehia hamabi talderen artean egongo da, eta 20 jardunalditan erabakiko da zein den koroaren irabazlea. Lehia horretan ariko dira Lekeitio eta Ondarroa ere.