Autobus geltokietan liburutegiak jarri dituzte Gizaburuagan
Gizaburuagako Udalaren ekimenez liburutegi txikiak ezarri dituzte herriko autobus geltokietan, zehazki, Eleizaldean dauden bi geltokietan ezarri dute liburutegi “txiki” bana. Ekimenaren helburua bidaiariei irarkutzeko aukera eskaintzea da: “Geltoki bietan liburutegi txikitxo bi jarri ditugu, zain dauden bidaiariei irakurketaz gozatzeko aukera emateko”.
Udaletik jakinarazi dutenez herritar baten burutazio batetik abiatu zen proiektua: “Gizaburutar batek eman zigun ideia”. Ideia izanik, Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak, Markel Okamika zinegotziari jakinarazi zion eta honek apalak egiteko beharra hartu zuen. Behin euskarria izanik, asteon liburutegitik liburuak hartu eta apalak betetzeari ekin diote. “Herriko umeekin ekarri ditugu herriko liburutegitik liburu batzuk apaletara”.
Horrela irakurketa bultzatzea erdigunean ezarriko dute. Gainera, geltokian irakurtzeko aukera izateaz gain, autobusean ere liburua eramateko aukera egongo da: “Autobusaren zain dauden bitartean irakurtzeko aukera egongo da, eta irakurtzen jarraitzeko gogoz egonez gero, autobusean liburua irakurtzen jarraitzeko aukera egongo da, eta amaitutakoan, bueltatu”.