Ibilbide zabal bati omenaldia
Aritz Erkiagari omenaldia egin diote bere herrikideek. Puntista ispastertarra bere profesional ibilbideagatik omendu dute. "Hunkituta eta eskertuta" agertu da.
Joan den domekan [ekainak 18], Ispasterko herritarrek omenaldia egin zioten Aritz Erkiaga zesta-puntista profesionalari. Bertan egon ziren kirolari ispastertarraren senide, lagun eta hurrekoak, udaleko ordezkariez gain. Ekitaldiak helburu argia eduki zuen: Erkiagaren ibilbidea aintzatestea.
GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak adierazi duenez, “hiru zentzutan” omendu gura izan zuten pilotaria: “Batetik, jokatu duen toki guztietan, herriaren izena eroan izan du; bestetik, bai berak, bai bere anaia Aitzolek behar handia egin eta egiten dute pilotari gazteen alde, eta hori ere goraipatu nahi izan diegu; horrez gain, emakumezkoen kirolaren alde ere gogor borrokatu du beti”.
Hain zuzen ere, ekitaldia orduko, emakumezkoen zesta-punta partiduak jokatu zituzten. Banakakoan, Arai Lejardi eta Ihart Arakistain airtu ziren; binakakoan ,aldiz, Elaia Gogenolaren eta Maialen Aldazabal Erika Mugartegiren eta Maddi Bereziartuaren aurka. Erkiaga omenaldi keinuagatik “hunkituta eta eskertuta” agertu zela adierazi dute: “Zerbait egitea aspaditik genuen buruan, baina erdi sekretuan antolatu dugu. Udalak, gainera, Erkiagaren omenezko txokoa atondu zuen; beraz, aurrerantzean herriko frontoian bere kamisetak eta argazkiak ikusi ahalko dira”.