Mutriku eta Deba batzen dituen zubiaren birgaitzea saritu dute Europan
Publikoaren saria irabazteko hautagaien artean dago: botoa eman daiteke.
Europako Batzordeak eta Europa Nostra erakundeak ematen duten Ondarearen Europako Sariaren eta Europa Nostra Sariaren irabazleen artean dago Mutriku eta Deba batzen dituen zubiaren birgaitzea: “kontserbazio eta berrerabilpen moldagarria” atalean ematen duten bederatzi sarietako bat eskaini diote.
Ekainaren 13an esleitu ziren sariek ondarearen arloko proiektu, ekimen eta pertsona adierazgarrienen lanak aitortzen dituzte urtero; aurten 21 herrialdetako 30 proiektu saritu dituzte. Mutrikuko eta Deba lotzen dituen XIX. mendeko harrizko zubiaren birgaitzea “ingeniaritza zibilaren adibide bikaina” dela azpimarratu du epaimahaiak: “Ahaztutako materialei eta teknikei buruzko ikerketa historiko zabala behar izan zen, eta diziplinarteko lankidetza teknikoaz baliatu”.
Bozkatzeko aukera. Irailaren 28an izango da sari banaketa, zehazki, Veneziako (Italia) Palazzo del Cinema jauregian egingo den ekitaldian. Aurtengo irabazleen artean aukeratutako Grand Prix eta Publikoaren Sariaren irabazleak ere ekitaldian iragarriko dituzte. Mutriku eta Deba arteko zubiaren birgaitzea Publikoaren Saria irabazteko hautagaien artean dago, hortaz, 10.000 euroko saria irabazteko aukera izango du. Horretarako herritarren botoa emateko aukera dute lotura honen bitartez.