Ondarroako taldeak "maila ona eman du" Nazioarteko Sorospen eta Salbamendu Txapelketan
Nazioarteko Sorospen eta Salbamendu Txapelketa Santanderren izan dute asteburuan, eta Ondarroako LeartiAdi Sos taldeko igerilarien egindako lanaren balorazio positiboa egin dute: “Polito ibili ginen, oso ondo atera zen. Oraingo honetan, taldeko sei bat sorosle joan gara, eta maila ona eman dugu”.
Zapatu goizean (ekainak 17) lehiatu zuten lehenengo proba; 80 metroko sprint lasterketa izan zuten hondartzan, eta Ondarroako taldeko Paul Arrizabalaga eta Unai Gutierrez finaletan sailkatu ziren; bata, A finalean, eta bestea B finalean. “Oso ondo aritu ziren, eta, era berean, Unai Mamanik, Jokin Carrascok eta Iraun Etxaburuk ere maila polita eman zuten”.
Hondarreko ariketa horren ostean, uretan lehiatu ziren. Itsasoan lehiatutako Nadar surf deritzon proban finalera sailkatzea lortu ez bazuten ere, maila “polita” eman zutela eta denek “ondo amaitu” zutela azpimarratu dute.
Domekako banderen proba izan zen txapelketako azkenengoa. Hamasei sorosleren artean, Ondarroako taldeko bi kide sartu ziren finalera. Arrizabalaga zortzigarren geratu zen, eta Gutierrez hamaikagarren. “Nabarmentzekoa da proba horretan Carrascok, Mamanik eta Etxaburuk lan polita egin zutela”.
Azaldu dutenez, denboraldi honetako azkenengo txapelketa izan zen eurentzat, eta, orain, atseden pixka bat hartuko dute. Aurten igerilekuetan zein hondartzetan lehiatu dira, eta datorren urterako helburua bai batean bai bestean “txapelketa gehiagotan parte hartzea” izango da. Klubean egiten ari diren lanagaz eta lortzen ari diren mailagaz pozik daude: “Kluba polito doa, eta gero eta maila altuagoa hartzen goaz; familia eder bat gara, bai sorosleen, bai entrenatzaileen, bai gurasoen artean”. Pare bat hilabetetan atseden hartu ondoren, urrian, denboraldi berria “indarrez hasteko” asmoa daukate.
Argazkiak: LeartiAdi Sos